Covid-19ak eragindako pandemiak hasieratik baldintzatu du gure eguneroko bizitza. Nahiz eta txertatuen kopurua geroz eta handiago izan, egoera ez egonkorra izaten jarraitzen du kutsaduraren hedapenagatik.

Horren adibide garbia oraintxe bizi duguna; egun batzuen bueltan aldaketa itzela eman da. Duela astebete kutsatze arrisku baxuenean geunden eta gaur berriz altuenean. Egoera konplexu honetan, Beasaingo Udalari erraza ez den jokabide zuhurra eta arduratsua mantentzen jarraitzea dagokio.

Erantzukizun horren baitan, eguraldi eguzkitsu eta beroarekin, estali gabeko igerilekuetako pertsonen edukieraren auzia pizten da eta honekin batera erabiltzaile eta abonatuen haserre ulergarria. 

Egoera konplexu honetan, arduraz ahalik eta jende gehienari aukera ematea da Udalaren gogoa eta borondatea. Izan ere, kutsatze maila oso baxua denean, hartutako neurriak zorrotzegiak izan daitezke, aldiz kutsatze maila altua denean neurriak murritzak direla pentsa liteke.

Covid-19arekin lotutako osasunerako babes-neurriak ezartzerakoan zuhurtasun handieneko printzipioak aplikatzen saiatu gara, erabiltzaileen artean kutsatze-arriskua gutxitzeko prebentzio-neurriak ezarriz.

Dena den eta erraza ez bada ere Udalaren ahalegina ahalik eta erabiltzaile gehienei aukera ematen jarraitzea izango da. Arautegia aldakorra da pandemiaren bilakaeraren baitan eta denok ondorio hori jasaten dugu.  Orokorrean erabiltzaile denen portaera eta jarrera txalogarri izaten ari da zerbitzuaren alde eginez. Zentzu honetan denon laguntza eskertzen dugu.

Beasaingo Udala