Desplazamenduak burutzeko modu jasangarrienak sustatuz, beasaindarren bizi kalitate hobea bermatzea eta klima aldaketari aurre egitea dira helburu nagusiak

Hasieran diagnostikoaren baitan datu bilketa burutuko da eta horretarako ibilgailuen fluxuaren neurketaz gain herritarren parte hartzea gauzatuko da inkesta bidez  

Beasaingo Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planak (HMJP) hasi du bere ibilbidea. Udalak martxan dituen helburuen baitan, etorkizuneko estrategiak zehazteko eta planifikatzeko, desplazamenduak modu jasangarrienean sustatzeko tresna izango da. Oinez, bizikletaz, eta garraio publikoan, gizarte kohesioa eta ingurumenaren babes eta defentsan oinarrituz, udalerrian bizi, lan egin edo edonolako aktibitatea garatzen dutenen bizi kalitate hobea bermatzea izango du xedea.

Honela, garraio eraginkorragoak, irisgarritasuna, osasun baldintzak, segurtasuna eta mugikortasun eredu jasangarriagoak bultzatzea da helburua. Mugikortasun jasangarrirako plana, mugikortasunaren arloan parte hartzeko eta erabakiak hartzeko prozesu tekniko eta soziala da eta honen gauzatzea fase ezberdinetan zatitua dago.

Trafikoaren neurketa eta inkesta  

Hasi berri den lehen fase honetako eginkizuna egungo egoeraren diagnosia egitea da. Proposatzen diren lanen helburua udalerriko mugikortasunarekin zerikusia duten alderdi orokorren herritarren balorazioa jasotzea da. Alde batetik, udalerriko egoerari buruz dagoen iritzia ezagutu nahi da mehatxuak eta aukerak hautemateko joan-etorriak egiteko modu desberdinei buruz (oinez, bizikletaz, garraio publikoa, ibilgailu pribatua). Bestetik, kalean bertan egindako inkesten bidez balorazio kuantitatiboak jaso nahi dira, herritarrek udalerrian duten mugikortasunaren balorazioa egiteko. 

Horretarako abian jarri diren ekimenak ibilgailuen trafikoaren neurketa eta herritarrei zuzendutako inkestak izan dira. Herriko sarreratan ibilgailuen joan-etorrien kopurua neurtzeko makinak jarri dira. Egun pare batez, neurketa hori burutuko da. Bestalde eta herritarrei zuzenduta inkesta argitaratu da helbide honetan eta norbanako, elkarte, eragile orori zabaldua dago parte hartzeko martxoaren 18a bitartean. Kale inkestak ere hurrengo bi astetan egingo dira (oinezkoei eta kotxeei). 

Kale mailan hainbat datu jasotzen ari dira; aparkamenduen plaza kopurua tipologiaren arabera eta hauen okupazio maila, bidegurutzeen kategorizazioa, oinezkoen pasabideetako egoera, seinaleztapena eta irisgarritasuna, garraio publikoko geltokien inbentario eta balorazioa, bizikleten aparkaleku eta ibilbideen inbentarioa etab. Aparkalekuen errotazio maila eta ibilgailuen mugimenduak intersekzioetan zenbatuko dira.

Bigarren fasean, parte hartze saioa burutuko da herritarrei irekitako tailerrarekin. Mugikortasunarekin harreman zuzena, interes berezia edota euren aktibitateak honekin zerikusia duten Udalerriko eragile, entitate eta elkarteen presentzia sustatuko da. Bertan diagnostikoak emandako emaitzak azaldu eta aztertuko dira ondorioak edo emaitzak biltzeko.

Hirugarren fasean, helburuak eta etorkizuneko agertokiak baloratuko dira. Eragile bakoitzaren lehentasunak ezagutu beharko dira, plana eta proposatutako neurriak haiekin kontrastatzeko, hasierako eskakizunak eta helburuak bete diren jakiteko.

Azken jarraipen-fasean, eragile horien iritziak ere txertatuta egon beharko dute. Jarraipen- eta ebaluazio-planaren unea izango da.

Garraiobide jasangarriagoak

Garraioa pertsonen beharrizan ekonomiko, sozial eta ingurumenarekikoetara egokitzen dela bermatu nahi da. HMJPa helburu horiek lortzeko "tresna" bat da, garraiobide jasangarriagoak sustatuz, trafikoaren bolumen gero eta handiagoak kontrolatuz eta pertsonen bizi-kalitatea hobetuz. Hartara, bide segurtasuna, irisgarritasuna eta garraio publikoko zerbitzuak hobetu behar dira, garraiobide osasungarriagoak sustatuz, pertsonentzat eskuragarri dagoen espazio publikoa berreskuratuz, trafikoaren pilaketa murriztuz, istripuak gutxituz, bidaia-denborak murriztuz eta zarata eta kutsadura mailak murriztuz.

Udalerriko Mugikortasun Mahaiaren ekarpena

Beasaingo Udala, gizarte-eragile, entitate pribatu eta bizilagunekin batera Beasaingo Mugikortasun Jasangarrirako Mahaia abian jarri zuen 2020an herriko mugikortasun arazoei buruz hausnartzeko.

Ekimen hartako helburua Beasaingo mugikortasun ohiturak hobeto ezagutzea eta bizilagunen iritzia jasotzea izan zen parte hartzearen bidez. Herritarren, tokiko eragileen eta mugikortasunaren inguruan zeresana duen edonoren iritzia eta laguntza jaso zen. Saio presentzialak, udalerrian burututako paseoak eta galdetegiek osatu zuten prozesu hura. Prozesu hartako ondorioak batu zaizkio orain abian jarri den Beasaingo Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planari.