2010ean hasitako lankidetza bost urterako berritu da eta garraiolari besaindarrek euren ibilgailuak uzteko leku aproposa izaten jarraituko dute 

Otsaileko Gobernu batzordeak onartutako  proposamenaren ondotik, Usupartrabe elkarteak (Beasaingo garraiolarien aparkalekuaren erabiltzaileen elkartea), Zumadiko poligonoan dagoen kamioientzako aparkalekuaren erabilerarako epea luzatu du Udalarekin. 

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Beasaingo Udalak elkarlanean egindako lanari esker, kamioilariek eta garraioko profesionalek 2010ean inauguratu zuten aparkalekua Zumadin. Honela, Zumadiko ibilgailu handientzako aparkalekuak garraiolarien eskaerei erantzun zien.

Ibilgailuen eta erabiltzaileen sarrera mugatzeko eremu itxi eta mugatuak 27 aparkaleku ditu. Aparkalekua kudeatzeko, kamioilariek Usupartrabe elkartea sortu zuten. Sinatutako akordioaren arabera, 10 urteren ondoren, udal gobernuak, Leire Artola alkatea buru, akordioa berritu dute bost urterako beste bostera luzatzeko aukerarekin.

Erabilpen-lagapenaren baitan kudeaketa, garbiketa eta mantentze gastuak, ohizkoak nahiz apartekoak, energia elektrikoenak ezik, Usupartrabe elkartearen kontura izango dira eta aparkalekua Beasaingo Udalaren zergadun direnak (trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga kontzeptuan) bakarrik erabili ahal izango dute.

Garraiolarientzako beharrezko azpiegitura

Aparkaleku gisa erabiltzeko kamioientzako leku egokirik ez egoteak, herriko kamioilariei zuzenean arazo larria eragiten zien.  Izan ere, azken horiek hainbat hamarkadaz geroztik ezagutu izan dituzte aldi baterako aparkatzeko erabiltzen zituzten eremuak (kiroldegiaren ingurua, Bernedo...), eta kasu batzuetan, bide bazterretan ere egin behar izan zuten.

Aldundian jakin bazekiten N-1 errepidean garraioaren jarduera normaltasunez garatzeko aparkaleku batzuk behar zirela, eta, horregatik, Zumadi industrialdeko orubea egokia zela kamioien aparkalekurako. Puntu horretan N-1 errepideko noranzkoaren aldaketarekin bat egiten duen sarrera-irteerak daude eta.