Beasaingo Odolkiaren kofradiak bere XXXVI. kapitulua ospatuko du eta Juantxo Unanua, Eli Gorrotxategi eta Andoni Aizpuru kofradiako kide berriak izendatuko dituzte

Urbiberri gizarte zentroak, Maria Piris Jorge eta Casildo Arraiza Echeverria bazkideak omenduko ditu bere jaiaren barruan

Antzerkia, Murumendi pilota eskolako haurren partiduak, musika ibiltaria eta aizkolarien binakako “Urrezko aizkora” txapelketak osatuko dute herriko zaindariaren egunerako prestatu den egitaraua

Beasaingo Udalaren helburua izan da Loinazko San Martin egunari garrantzi berezia ematea. Otsailaren 5a aurten igandea izan eta nabarmendu asmoz, nortasunarekin eta tradizioei lotutako ekitaldi ezberdinak bildu dituzte herriko elkarte eta eragile ezberdinek egun hau ospatzeko Udalarekin elkarlanean antolatu den egitaraua.

Herriko zaindariaren eguna izanik, data hau nabarmentze aldera eta azken urteetan pandemiak eragindako etena gaindituta, egitarau oparo eta bateratua aurkeztu da udaletxeko batzar aretoan gaur goizean. Leire Artola alkatearekin batera, Juanjo Ganzarain eta Mari Carmen Liebana odolki kofradiaren kideak, Carlos Posa Urbiberri gizarte zentroko ordezkaria eta Luis Mari Bengoa Egur sport elkarteko arduraduna egon dira.

Alkateak, asteburu osoan eta zaindariaren egunaren baitan antolatu diren ekitaldiak zenbatu ditu. Ostiralean Usurbe antzokian Segurako Historia Oroituz antzerki elkarteak eskainiko du “Orreagatik iragan hurbilera” antzezlana Usurbe antzokian 20:30ean. Sarrerak 6 euroan daude eskuragai. Larunbatean, otsailaren 4an, Santa Ageda bezpera, kantujirakoak irtengo dira kopla kantari 18:30ean eta Andre Mari jasokundearen parrokian 19:00tako mezan, Loinatz abesbatzak Xabier Sarasolaren Salvea abestuko du. Igandean, haurrei bereziki zuzendutako Sentsazioak ikuskizuna, Cia eta Hodei magoek eskainitako Sentsazioak ikuskizuna izango da Usurbe antzokian 16:45ean. 

Urbiberrin lehenengoz jaia

Alkateak Loinazko San Martin egunari eman nahi zaion balioa eta bultzada azaldu ostean, elkarte bakoitzeko ordezkariek antolatu dituzten ekitaldien berri zehatza eman dute. Horrela bada, Urbiberri gizarte zentroko ordezkariak eurek antolatutako egitarauaren kontu eman du. Zentro berria ireki denetik lehenengoz ospatuko dute lehen Aranealden egiten zuten egun honi dagokion jaia. Ia 1.000 bazkide biltzen dituen gizarte egoitzan igandean 13:30ean, bazkideentzako hamaiketakoa eskainiko da. Arratsaldeko 17:00etan Maria Piris Jorge eta Casildo Arraiza Echeverriari omenaldia eskaini ondoren Aurtzaka dantza taldeak dantza-saioa eskainiko du. Ondoren Gurea abesbatzaren ekitaldia izango da eta jarraian Urbiberri Gizarte Zentroko Lerro dantza taldearen emanaldia. Honen ostean dantzaldia 21:00ak arte.

Juantxo Unanua, Eli Gorrotxategi eta Andoni Aizpuru ohorezko kofrade berriak

Loinazko San Martin egunean protagonismo berezia izaten du Beasaingo Odolkiaren Kofradiak. Aurten 36. kapitulua ospatuko dute eta kofradiako kide berriak izendatu. Ohore hori aurten honako pertsonak jasoko dute: Juantxo Unanua hiru hamarkadetan DV egunkariko herriko kronista izan dena, Eli Gorrotxategi beasaindarra La Leze gaztandegiko arduraduna eta Andoni Aizpuru kazetari gabiriarra. Juanjo Ganzarain kofradiako kideak adierazi du 24 kofradietako 83 ordezkari izango direla Beasainen (13 hego Euskal Herrikoak, 4 ipar Euskal Herrikoak, 2 galiziar, 3 kantabriakoak, eta bana Asturiastik eta Alacantetik). Ekitaldi nagusia eguerdiko 12:00etan burutuko da Loinazko San Martin plazan baina aurretik eta ondoren kanpotik datozen kofradiei ongietorria, meza nagusia, zaindariaren estatuan lore eskaintza eta dantza, odolki dastatze herrikoia eta adiskidetasun bazkaria ere egingo dira.

Musika, pilota partiduak eta “Urrezko aizkora”

Nortasuna eta bertako izaeraren adierazle diren kirol ekitaldiak erantsi zaizkio egun honen inguruko ospakizunei. Larunbatean herri kirolak eta igandean herriko neska-mutilen pilota partiduak. Murumendi pilota eskolako haurren partiduak arratsaldeko 17:00etan jokatuko dira Gernika pasealekuko frontoian. Etorkizuneko pilotariak ikusteko aukera ezin hobea izango da. Musika ere kalez-kale barreiatuko dute goizez Koxkola txarangak eta arratsaldez Burrunbazale txarangak. 

Aizkolarien binakako “Urrezko aizkora” txapelketaren jardunaldia Beasainen jokatuko da larunbatean 12:00etan Dolarea parkean eta euria egingo balu Antzizar kiroldegiko frontoian. Herri kirola zaindu eta bultzatzeko helburuari eusten dio Udalak ekitaldi honekin. Aizkoran lehian izango diren bikoteak Julen Alberdi (Txikia IV) eta Ioritz Gisasola (Zalai IV), Xabier Zaldua eta David Naredoren aurka. Urrezko harrijasotze txapelketan, Paulo Azpiazu eta Iñigo Eizagirre “Eiza” izango dira aurrez-aurre. Emakumezkoen harrijasotze erakustaldian Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez izango dira eta gaztetxoen mailan aizkora erakustaldian Jakes Iruretagoiena (Izeta IV) eta Unai Etxeberria (Osinalde). Ekitaldirako sarrera doan izango da eta ETBk grabatuko du diferituan eskaintzeko.

otsailak 5 egitaraua aurkezpena 20230131 2