Kalitate goreneko hamar emanaldiz osatua dagoen Igartza Musika Programaren lehen seihileko egitarauan, Anari, Mikel Azpiroz edo Iruñeako txistulari bandaren emanaldiak aurkitzen dira

Udalak kalitatezko musika emanaldien alde egindako apostua arrakastatsua izan da; orain arteko antolatutako 119 kontzertuetan 15.000 ikusle elkartu dira  

Beasaingo Udalak kultura eta musikaren aldeko apustu sendoaren konpromisoari eutsiz aurtengo Igartza Musika Programaren lehen sei hilabeteko egitaraua aurkeztu du Igartzako jauregian. Ohi bezala lehen sei hilabeterako antolatu diren ekitaldiak aurreratu dituzte udal agintari eta antolatzaileek. Zikloaren sorreran duela zazpi urte jarritako helburuei jarraiki, beasaindarrak eta bereziki gazteak, musikara erakarri eta gerturatzeko asmoz alor, estilo eta joera anitzeko pdf egitaraua (995 KB) aurkeztu dute zortzigarren edizio honetan Leire Artola alkateak eta programa egituratzeko ardura duten Xabier Sarasola eta Arantxa Gastesi Loinatz Musika Eskolako arduradunak.

Igartza Musika Programa egonkortua 

Udal gobernuak martxan jarritako Igartza Musika Programa urtez urte egonkortzen joan den egitasmoa izan da. Leire Artola alkatearen hitzetan “zortzigarren ediziora iritsita Igartza Musika Programa publikoaren eta musikarien artean izen propioa izatera iritsi da. Erreferentzietako bat bada musikazaleen artean, herrian duen onespena lortzetik, herritik kanpora ere ezaguna izatera pasa da. Ibilbide honetan badira jada 119 kontzertu eskaini direnak Igartzan zein herriko beste guneetan. Bertatik 15.000 ikus-entzule pasa dira eta orotara kantari, abesbatza eta musikarien artean ia 1.800 pertsona igo dira oholtzetara, erdiak emakumeak”. 

Alkatearen esanetan, funtsean Igartza Musika Programak bere helburuei eusten die. Musika zaletasuna herritarrei zabaltzeko helburuarekin herriko gune gehiagotara zabaltzen joan dira emanaldiak. Igartzako jauregiaz aparte, herriko parrokiak, Usurbe Antzokia, edota Erauskin plaza eraberritua. Musikenekin Udalak duen hitzarmen-lankidetza ekimen honetako beste zutabea da. Honi esker, Igartza Musika beka ekitaldian Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako ikasleek parte hartzen dute. Bi aldeek adostu bezala iazko bekaren irabazleak emanaldia eskainiko dute 2023ko  lehenengo ziklo honetan Igartza Musika Programaren baitan eskaintzen diren kontzertuen barruan.

Kontzertu erakargarriak

Egitaraua irekiko duen lehen emanaldia urtarrilaren 22an izango da eta Luken Munguira tenoreak eta Saioa Goñi sopranoak eskainiko dute, Sofia Chacón piano-jotzailearekin batera. Igartzako jauregian izango da arratsaldeko 19:00etan. Luken Munguira, Easo abesbatzarekin aritzen den tenorea da. Saioa Goñi sopranoa jaio zen 1999an, eta Hilarion Eslava musika eskolan hasi zituen musika ikasketak, piano-jotzaile gisa, eta ondoren, Pablo Sarasate Kontserbatorioan abeslari liriko gisa, Mercedes Gorría irakaslearen eskuetan. Hirurak gazteak musikari lirikoak, emanaldi interesgarria eskainiko dute. 

Urtarrilaren 29an, Igartzako jauregian 19:00ean Ekaitz Goikoetxea beasaindarra partaide den Popatik taldearen emanaldia izango da. Poesia eta kantua uztartzen duen talde honek kritika onak jaso ditu. 

Hurrengo emanaldia otsailaren 12an izango da eguerdiko 12:00etan Igartzako jauregian ere. Iruñako txistulari banda izango da kontzertua eskainiz. Beasain, Tolosa, Donostia, Bilbo eta orain Iruñako txistularien txanda izango da Beasainen. 

Hilabete berean baina 26an, Mikel Azpiroz (Donostia, 1971) musikariak “Islak” bere azken lana aurkeztuko du Beasainen. Mikel sei urte zituela hasi zen pianoa ikasten. Kontserbatorioan egindako musika klasikoko ikasketak laster bideratu ziren musika modernoaren esparruetara. Ingeniaritza industrialean lizentziatu arren, beti izan zuen oso argi musikarekiko pasioa. Musikari, konpositore eta ekoizle gisa egin duen ibilbidean berak garatutako proiektuak daude (Elkano Browning Cream) eta baita hainbat bakarlari eta talderekin egindako lanak ere (The Waifs, Duncan Dhu, Travellin´Brothers, Jabier Muguruza, Elena Setien…).

Emakumearen astearen inguruan, Anari kantaria izango da Igartza Musika Programaren beste partaidetako bat. Martxoaren 10ean eskainiko du emanaldia Igartzako jauregian arratsaldeko 20:30ean azkoitiarrak. 

Martxoaren 25ean Loinatz abesbatzaren txanda izango da. Kontzertu hau ere Igartzako jauregian izango da 19:00etan. XIX. mendeko erromantizismoarekin lotutako musika eskainiko dute. 

Hurrengo egunean, martxoaren 26an eta leku eta ordu berean 2022ko Igartza Musika Bekaren irabazleak eskainiko dute emanaldia: Gradu bekako irabazlea Adrián Rescalvo García valentziarra kontrabaxuarekin eta Master bekako irabazlea, Nerea Azcona Galarraga donostiarra harparekin. 

Apirilean, 23an, euskal musika klasikoa nazioarteko errepertorioarekin batera kokatzea helburu duen Batura zikloaren baitan, Sugaar Ensemble kamara taldea izango da “Emakumea eta Euskal Herria” gaia hartuta kontzertua eskainiz. Igartzako jauregian 19:00etan izango da hitzordua.  

Maiatzara pasaz, 13an eta oraingoan Gernika pasealekuko frontoian 19:00etan, Isidro Larrañaga akordeoi orkestra izango da Isitxo Larrañagaren zuzendaritzapean. Eli Bujanda abeslari beasaindarra eta Aurtzaka dantza taldea izango dituzte lagun emanaldian. 

Eta lehen seihileko egitarauarekin bukatzeko, ekainaren 15ean Erauskin plazan 19:30ean, Makulu Ken Lasarteko taldearen kontzertua izango da. Dantzarako aproposak diren erritmo eta doinu afrikarrak jazz-a eta pop-arekin nahastuko dituzte. 

Antolatzaileek amaitzeko adierazi dute emanaldi guztiak uneoro udalaren web orriko agendan argitaratuko direla eta edozein aldaketa balego, kontzertuen datak gerturatu ahala honen kontsulta egiteko. Emanaldi guztiak doan izango dira.

IMG 2366