Parketarrak ekimenak, jolasen bidez kalean eta parkeetan haurren artean euskararen erabilera handitzea du helburu. 3 eta 9 bitarteko haurrei zuzenduta dago

Urriko ostegun guztietan, Iturralde parkean burutuko dira jolas-saioak 16:45etik 18:45era bitartean

Beasaingo Udalaren helburu eta eskumenen artean dago udalerrian euskararen ezagutza sustatzea eta erabilera dinamizatzea. Esparru honetan herritarren euskalduntzea sustatzen jarraitzeko ekimenak antolatzen jarraitzen du. Hizkuntzaren aldeko konpromiso horren baitan, datorren ostegunean hasi eta astean behin, beasaindar txikienen aisialdian euskararen erabileran eta ezagutzan eragiteko jarduera berria abiaraziko da.

Hain zuzen ere, “Parketarrak” izeneko egitasmoa jarriko dute martxan Beasaingo Udalak eta Hezten elkarteak. Kalean eta batipat parkeetan, haurren artean euskararen erabilera handitzea du helburu. Horretarako urriak 6, 13, 20 eta 27 egunetan, Hezten-eko jolas dinamizatzaileen laguntzaz, Iturralde parkean (euria izanez gero Loinazko San Martin plaza azpian) jolas saioak burutuko dira. Egitasmo honek, adinaren araberako bi programa eramango ditu aurrera.

Zabu Zibu izenekoa, 16:45etik 17:45era burutuko da eta 3-5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako izango da. Helburua euskaraz jolastu ahal izateko tresnak eskaintzea da, beraz, behar beharrezkoa da haurrak guraso edo helduren batekin etortzea eta jolastea.

Eta bigarrenik, Txirrintxon deiturikoa. 17:45etik 18:45era izango da eta 6-9 urte bitarteko haurrei dago zuzendua.

Euskararen erabilera aisian bultzatzea

Udal gobernuak legegintzaldiko helburu nagusien artean hizkuntza politikarekin eta euskararen presentzia eta normalizazioarekin lotura zuzena duten egitasmoei segida ematen jarraitzen du. Herriko ikastetxeekin, elkarteekin eta eragileekin elkarlanean, haur eta gaztetxoenen artean euskararen jakintza eta erabileran jarduerak, ekimenak eta zerbitzuak eskaintzea du xede. Hargatik, guztien lankidetzarekin euskararen erabilera handitzea lortu nahi da horretarako deialdi berezia egin nahi da guraso, ikastetxe eta familiei jarduera honetan ere parte hartu dezaten. 

Parketarrak Beasain IMP web