Irailaren 29an hasi eta azaroaren 6a bitartean burutuko diren ia berrogei kultur ekitaldik osatzen dute Udazken kulturalaren egitaraua 

Irakurzaletasuna bultzatzeko bibliotekak antolatzen duen kanpaina udazkenera ekarri da

Udal arduradunek ohiko udazken kultur programazioari eutsi izanaz gain, bigarren ekitaldi sorta batekin indartu dute udazkenerako prestatutako eskaintza. Ia berrogei ekitaldiz osatutako egitaraua aurkeztu dute Leire Artola alkateak eta Xabier Matarranz kultura zinegotziak. Alkateak bi helburu nagusi azpimarratu ditu; batetik herriko kultur elkartegintzaren sarea babestea eta bestetik kultur ekitaldien dinamikari lekua eta garrantzia ematea. Kultura, bere hitzetan, Udal gobernu honen ardatz estrategiko nagusietakoa baita. Horregatik, Udazken kulturaleko programazioak herriko elkarte, eragile eta taldeen lanetik eratorritako ekarpenen islada izatea nahi da. Haiei esker, gaineratu du, udalerriko kultura eta dinamika soziala bizirik mantentzen da eta. 

Bere aldetik, Xabier Matarranz kultura zinegotziak, programazioaren xehetasunak eta berrikuntzak azaldu ditu. Lehena eta nagusiena ekitaldien aurkezpenari buruzkoa izan da. Programazioa irailaren 29tik azaroaren 6ra luzatuko da, baina sortzen diren azken orduko aldaketak direla eta, egitaraua hiru epe desberdinetan argitaratuko da zenbait ekitaldik izan ditzaketen leku eta ordu aldaketengatik. Horregatik gaur aurkeztu den paperezko programazioak irailaren 29tik urriaren 13ra egingo diren ekitaldiak biltzen ditu, pdf egitarau osoaren lehen herena (5.35 MB) . Dena den, edozein zalantza edo aldaketa gertatuz gero udalaren web orriko agendan zein mugikorretarako udal aplikazioan eguneratuta agertuko da. 

Oraingo eta hurrengo eskuorrietako egitarauen paperezko informazioa honako puntu hauetan egongo da eskuragarri: Urbieta arte plastikoetako zentroa, Antzizar kiroldegia, Asmuberen egoitza, Urbiberri gizarte zentroa, Udal Euskaltegia, Igunea, Plazape taberna, Usurbe antzokia, Igartzako jauregia, udal biblioteka eta kultura saila. 

Irakurzaletasun kanpaina udazkenean

Matarranzek berrikuntzen artean, Udal bibliotekak udaberrian antolatu ohi duen Irakurzaletasuna bultzatzeko kanpaina aurten udazkenera pasa dela azaldu du. Euskarazko literatura irakurtzeko helburuari tinko eusteko, bibliotekara erabiltzaileak erakartzeko eta fidelizazioa sustatzeko sariketak mantenduko dira. Irailaren 29tik urriaren 25era bitartean zazpi ekitaldi antolatu dituzte; hala nola ipuin kontaketak, liburu aurkezpena eta baita Igartza Literatur Sorkuntzarako Bekaren 25garren edizioa dela eta bertso saio literario musikatua. Bertan Miren Amuriza, Uxue Alberdi eta Kattalin Miner, bekaren irabazleak izango dira. Aipatu literaturarekin lotuta adin ezberdinetako irakurleei zuzendutako ekitaldiak antolatu direla; hain zuzen ere, haurrentzako bi ipuin kontaketa saio, 8-12 urte bitartekoentzako bi tailer literario eta helduentzako narrazio saioa. Urriaren 24an liburutegien egunean hainbat zozketa egingo dira.  pdf Egitaraua (586 KB)

Goienizen emanaldiak asteartera

Beste berrikuntza Goieniz zineklub elkarteak eskaintzen duen emanaldiaren egun aldaketa izango da. Ostegunetatik asteartetara pasako du bere eguna, iluntzeko 20:15ean. Gainontzean Matarranz kultura zinegotziak azaroaren 7a bitartean ia berrogei ekitaldi programatu direla nabarmendu du. Ohiko ekitaldiek izango dute bere hitzordua. Azokak aipatuz, Errezil sagar eta fruitu eta barazki lehiaketa eta Odolki dastaketaren lehiaketa egingo da. Honekin batera egiten den azoka berezia ere itzuliko da pandemiak eragin zuen etenaren ondotik. Egitarauan Mendi astea (urriak 25-28) eta Aizkorri mendizale elkartearen eskutik iganderoko mendi irteerak aurkitzen dira. Hauen informazio gehigarria uda web orriko agendan agertuko da.

Arte eta kultur adierazpen guztiak

Musikari dagokionez, izen propioak aipatzerakoan, egitarauan hauek azpimarratu daitezke; Letoniako Riga Cathedral Girls’ Choir Tiara abesbatza etorriko da Tolosako Nazioarteko abesbatzen lehiaketatik (azaroak 2). Igartza Musika Programako kontzertuek bere tokia izango dute; Loinatz abesbatza (urriaren 23an San Martingo parrokian), Xabi Aburruzaga band (irailak 29), “Arnasa, hatsa, bizia” emanaldia (Peio Ospital, Mitxel Ducau, Paul Smet eta Andoni Salamero -urriak 7-), Igartza Musika Bekaren irabazleen emanaldia, eta beste hainbat gehiago.  

Dantza emanaldietan aipatzekoak, Bambbo Dance-ren “Idiotas” ikuskizuna (urriak 6), Dantzakiren emanaldia (urriak 30), Aurtzakaren dantza emanaldia (urriak 15) eta Txistularien alardea (urriak 29) ere. Urriaren 14an Marcos Huarte beasaindar idazlearen “Genesis de una especie” liburua aurkeztuko da eta egun berean Bertso saioa izango da. Honez gain, kale antzerkia, Porru kaleko jaiak, erakusketak eta argazki rallya ere antolatu dira. Nabarmentzekoak ere, Aire zabaleko pintura lehiaketa (urriak 16), Beasaingo Paperak bildumako “Gudugarretako etxeak eta biztanleak” alearen aurkezpena (azaroak 3), Beasaingo Ekaitz erraldoien eta buruhandien konpartsaren eguna (azaroak 5), Atxipik antolatutako haurrentzako jolasak eta boluntarioen eguna (urriak 1). 

Udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa

Udal ordezkariek, 2023ko udal egutegia osatzeko argazki lehiaketan parte hartzeko epea irailaren 30ean bukatzen dela gogorarazi dute eta lanak bidaltzera gonbidatu dituzte argazkilari eta argazkizaleak. Argazkietan isladatu behar den gaia “Ikusten zaitut” da.

2024ko gaia aldiz “Zahartzaro aktiboa Beasainen” izango da. Urte bete izango dute partaideek argazkiak ateratzeko eta bidaltzeko. Oinarriak udalaren webean argitaratuko dira.

Udal agendaren kontsulta

Ekitaldien egunak, ordutegia eta tokiei buruzko informazio zehatza eta eguneratua, beasain.eus udal webgunearen agendan aurkitu daiteke. Telefono mugikorraren bidez, Beasain aplikaziotik ere informazio berbera eskuratu daiteke.

Honekin batera, hileroko agenda pdf formatuan deskargatzeko aukera ere badago eta udalaren sare sozialetatik, webgunetik eta aplikazioaren bidez eskuratu ahal izango da.