Idazle sopelarraren “Itzalkinak eguzkitan” proiektua saritu du epaimahaiak eta gune turistiko batean lan egiten duten bi emakumezkoen bizikizunei buruz hitz egiten du

Iazko irabazleak,  Olatz Mitxelenak, liburua amaitu du eta  sariaren bigarren zatia jaso du. Datorren udaberrian argitaratuko da liburua

Edizioak adina urte dituen idazle gazte sopelarra da Lizar Begoña Madariaga eta Igartzako jauregian burutu den sari emate ekitaldian Itzalkinak eguzkitan proiektuarengatik aurtengo irabazlea izan da Oihane Amantegi, Irati Jimenez eta Garazi Kamio epaimahaikideek adostuta. 

Hogeita bosgarren edizioa bete du Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek. Lizar Begoñak proiektuarengatik 6.000 euroko sariaren erdia eta garaikurra jaso ditu antolakuntzako ordezkarien eskutik eta urte beteko epea izango du liburua amaitzeko.

Egileak azaldu duenez, liburu bihurtuko den proiektuak Benidormera garamatza: gune turistikoetan kokatutako kiosko bat da gertalekua, eta bertan lan egiten duten emakumezko bi dira protagonistak. Gainbehera datorren negozioa, inguru kitsch bat, bi belaunalditako andrazkoen bizikizunak… gertakizun hauekin batera josiko dira emozio, oroitzapen eta hausnarketak. 

Lizar Begoña Madariaga, 1996an Sopelan jaio eta bertan bizi da. Arte Ederretan graduatua da  eta euskara-eskolak ematen ditu lanbidez. 2020an kaleratu zuen bere lehenengo liburua, Aro beilegia poesia-bilduma (Balea zuria), Donostia Kultura saria irabazitakoa, eta 2022an argitaratu du bigarrena, Gepardo japoniarrak (Susa), hau ere poesiazkoa. Orain garatuko duen proiektuarekin jaso du narratibazko lehen saria.  

Gazteen sorkuntzarako motibagarri

Igartzako jauregian egindako aurkezpenean, egile sarituaz gain, Beasaingo alkatea Leire Artola, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren eta CAF enpresako euskara arduradun Bianditz Iraola izan dira. Artola alkateak eskerrak eman dizkie CAF-i eta Elkar Argitaletxeari idazle gazteen lanaren sustapenean ahalegindu eta laguntza emateagatik eta aurtengo irabazlea zoriondu du. “25. edizio honetara iritsita, Beasaingo Udalarentzat Igartza Literatura Bekak egin duen bidea harro egoteko modukoa da. Gazteen sorkuntzarako motibagarri eta arnas izan nahi du gure beka honek eta euskal literaturarentzat ekarpena gure hizkuntza hilezkor izaten laguntzeko” aipatu du Artolak. “25 edizio hauetan euskal literaturaren munduan finkaturiko idazleen zerrenda luzeak osatzen du Igartza Literatura Bekaren irabazleak. Horien artean daude egun sona handiko idazle ospetsuak. Beasain izena euskararen izanarekin lotuz euskararen aldeko gure apustu garbia ukaezina da eta tinko eusten jarraituko diogu helburu honi” azpimarratu du. 

25. edizioa ospatzeko ekitaldia

Ez da gutxi 25 edizio betetzea eta hori nolabait ospatzeko Igartza Literatur beka-sarian saritutako liburuetako pasarteetan oinarrituta bertso-saio literario musikatua gozatzeko aukera izango da urriaren 8an, arratsaldeko 19:00etan Igartzako jauregian. Ekitaldi horretan parte hartuko dute Miren Amuriza eta Uxue Alberdi bertsolariak. Testuen hautatzailea eta gai jartzailea Kattalin Miner izango da. Hirurak izan dira Igartza sariduna. Saioa musikatzeko lanetan, berriz, Gari Otamendi (biolina) eta Araitz Bizkai (gitarra) izango dira.

Aurtengo edizio honetara 11 lan aurkeztu dituzte; horietatik 7 gipuzkoarrak eta 4 bizkaitarrak.  Oinarriak argitaratzen direnean saiakera egiten da Euskal Herri osora zabaltzen. Generoari dagokionez 4 emakumezkoak dira eta 7 gizonezkoak. Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza.

Bestalde ekitaldi berean, iazko irabazleak,  Olatz Mitxelena Larretak, dagoeneko liburua amaitu du eta  sariaren bigarren zatia jaso du. Datorren udaberrian argitaratuko da liburua.

Idazle gazteen sorkuntza-lana saritzea

Igartza Literatura beka saria Beasaingo Udalak idazle berrien sormena bultzatzeko helburuarekin sortu zuen. Baldintza nagusiak, 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekoetan helduentzako bi liburu baino ez izatea eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea dira.  

Orain arteko irabazleak:

LIBURUAIGARTZA SARIAURTEAARGIT. URTEAEGILEA
TUBABU I.ª   1994 Jon Arretxe Perez
CONNEMARA GURE BIHOTZETAN I. beka 1998 2000 Julen Gabiria Lara
EGUN DENAK EZ DIRA BERDIN II.beka 1999 2001 Xabier Etxeberria Garro
KORAPILOAK II. bekaaccesit 1999 2001 Jasone Osoro Igartua
ORTZADARRA SUTAN III.beka 2000 2002 Fernando Morillo Grande
VAN´T HOFFEN ILEA IV.beka 2001 2003 Unai Elorriaga Lopez de Letona
HAN GOITIK ITSASOA IKUSTEN DA V.beka 2002 2004 Julen Gabiria Lara
KARONTE VI.beka 2003 2005 Asel Luzarraga Zarrabeitia
AMAREN ESKUAK VII.beka 2004 2006 Karmele Jaio Eiguren
LILE VII. bekaaccesit 2004 2006 Peru Magdalena Arriaga
AULKI BAT ELURRETAN VIII.beka 2005 2007 Uxue Alberdi Estibaritz
ERO IX.beka 2006 2008 Jon Martin Etxebeste
HABITAT X.beka 2007 2009 Katixa Agirre Miguelez
NORA EZ DAKIZUN HORI X. bekaaccesit 2007 2009 Irati Jimenez Uriarte
KATU JENDEA XI.beka 2008 2010 Eider Rodriguez Martin
MEA CULPA XII.beka 2009 2011 Uxue Apaolaza Larrea
BESTE NORBAITEN ZAPATAK XIII.beka 2010 2012 Garazi Kamio Anduaga
GELTOKIAK EDO HELDUTA ENTZUTEKO ABESTIAK XIV.beka 2011 2013 Goiatz Labandibar Arbelaitz
ERRAIAK XV.beka 2012 2014 Danele Sarriugarte Mochales
EZ TIRO EGIN ANBULANTZIEI XVI.beka 2013 2015 Mikel Ayllon Corral
HAUTS HAIETATIK XVII.beka 2014 2016 Unai Villena Camarero
NOLA HELDU NAIZ NI HONAINO XVIII.beka 2015 2017 Kattalin Miner Perez
ZALDI MAMARROA XIX.beka 2016 2018 Ekaitz Goienetxea Cereceda
BASA XX.beka 2017 2019 Miren Amuriza Plaza
ZENDABALITZ XXI.beka 2018 2020 Erika Elizari Salvador
HERRIAK EZ DU BARKATUKO XXII.beka 2019 2021 Irati Goikoetxea Asurabarrena
EZ ERRAN INORI XXIII.beka 2020 2022 Maddi Ane Txoperena Iribarren
ARRAIN HEZUR BAT EZTARRIAN XXIV.beka 2021 2023 Olatz Mitxelena Larreta
ITZALKIAK EGUZKITAN XXV.beka 2022   Lizar Begoña Madariaga

 

IMG 8560Saritua Leire Artola alkatearekin IMG 8576Olatz Mitxelenak bekaren bigarren zatia jaso zuen Bianditz Iraolaren (CAF) eskutik

IMG 8579Urte beteko epea izango du irabazleak proiektu irabazlea liburu bihurtzeko IMG 8582Lizar Begoña Madariaga