Merkataritzan euskaraz aritzeko kanpaina abian da; helburua, tokiko merkataritzan euskararen erabilera sustatzea eta merkatari nahiz bezero euskaldunak aktibatzea da 

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak merkataritzan euskara sustatzeko kanpaina aurkeztu du. “Merkataritzan Euskaraz” kanpainaren helburua tokiko merkataritzan euskararen erabilera sustatzea eta merkatari nahiz bezero euskaldunak aktibatzea da.

Ekimen hau hainbat eragilerekin elkarlanean bideratu da eta EAEko udal askok bat egin dute proiektuarekin, tartean Beasaingo Udala. Kanpaina honetan, merkatarien parte hartzea zeharo garrantzitsua da, izan ere, zabalkundean eta gure herriko denda eta tabernetan euskararen erabilera areagotzeko elementu funtsezkoa dira.

Gure denda edo tabernetan maiz entzuten da “Jarri betikoa”; konfiantzazko harremana dela adierazten du esaldi horrek, gertukoa, betikoa… Honela, euskara egunerokotasunean erabiltzeko hizkuntza gisa eta konfiantza sortzeko bide gisa aurkezten du kanpainak, “Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” lelopean. Mezu hori da, hain zuzen, kanpainaren ardatza.

Kanpainaren zabalkunderako euskarri ezberdinak erabiliko dira. Establezimenduetan kartelak jarriko dira, besteak beste. Halaber, kanpainaren mezuarekin bat egin eta bezeroekin, ahal den guztietan, euskaraz egitera gonbidatuko dira merkatal sektoreko profesionalak. Azken batean, guztion artean euskararen erabilera areagotzeko pausoak ematen jarraitzeko beste urrats bat izatea da kanpaina honen asmoa .