Azaroaren 7a bitartean burutuko diren ia berrogei kultur ekitaldik osatzen dute Udazken kulturalaren egitaraua 

Kultur sektorea babestu eta kultur ekitaldien dinamikaren taupada berreskuratzea da Udalaren helburua

Kukai, Letoniako abesbatza nazionala, Antton Valverde, Nerea Garmendia edo Urrup dira egitarauko izen propio batzuk

Udal arduradunek ohiko kultur programazioari eutsi izanaz gain, osasuna babesteko beharrezkoak diren segurtasun eta prebentzio neurriak betez udazkeneko kultur eskaintza eta ekitaldien agenda indartu egin dute. 

Beti ere, Osasun Publikoak adierazten duen moduan, segurtasuna eta osasuna babesteko arauak betetzen direla bermatuz, espazioen edukiera, higienea, distantziak eta ezarritako gainontzeko neurriak betetzen direla ziurtatuz osatutako egitaraua aurkeztu dute Leire Artola alkateak eta Xabier Matarranz kultura zinegotziak. Alkateak bi helburu nagusi azpimarratu ditu; batetik kultur sektorea babestu eta bestetik herriko kultur ekitaldien dinamikaren taupada berreskuratzea. Kultura izan ere, Udal gobernu honen ardatz estrategiko nagusietakoa baita.

Kulturako profesionalak babestuz

Udal arduradun eta agintariek gogoan dute kultura sektorea eta honek bere baitan dituen profesionalak. Askotan imajinatzea zaila den arren, kulturak lanbide askotako profesionalen beharra du eta hauei lana ematen die. Pandemiak eragindako krisiak gogor kolpatu du sektorea eta haren menpe dauden profesional guztiak.

Horregatik, kultur programazioa indartzeko ahaleginak artista eta sortzaileen lana bultzatzen du, baina baita jarduera horren barruan oso garrantzitsuak diren beste lanbide batzuk ere, esaterako argiztapen- eta soinu-teknikariak, ekoizleak, atrezzoaren arduradunak, jantzienak eta abar.

Pandemiak baldintzatuta, kultur ekitaldiak egingo diren espazioak egokitu dira, horretarako aproposak direnak aukeratuz. Horrela, Gernika pasealekuko pilotalekua egokitu egingo da programatutako ekitaldi gehigarriak har ditzan, segurtasun tarteak eta prebentzio arauak bermatu daitezen.

Ekitaldi anitz publiko orori zuzenduta

Matarranz kultura zinegotziak azaroaren 7a bitartean ia berrogei ekitaldi programatu direla nabarmendu du. Arloz arlo honela banatuta daudela azaldu du; sei musika emanaldi, zazpi erakusketak, Ondarearen Europako Jardunaldiei buruzko hiru ekitaldi, lau dantza emanaldi, bost antzerki saio, lau hitzaldi, hiru bisita gidatu, bertso saioa, margo lehiaketa, argazki rallya eta zine klubaren bi emanaldi. Azoka berezien baitan Errezil sagar eta fruitu eta barazki lehiaketak eta Odolki dastaketaren lehiaketa egingo da hau baina azoka berezirik gabe. Bestalde egitarauan Mendi astea urriaren 19tik 23ra burutuko da eta igandero mendi irteerak izango dira Aizkorri mendizale elkartearen eskutik. Hauen informazio gehigarria web orrian agertuko da.

Musika eta erakusketak protagonista

Musikari dagokionez, izen propioak aipatzerakoan, egitarauan hauek azpimarratu daitezke; Letoniako abesbatza nazionala etorriko da Tolosako Nazioarteko abesbatzen lehiaketatik. Antton Valverderen emanaldia  izango dugu urriaren 15ean antzokian eta Sin Mala Intención urriaren 22an Igartzan. Postal kolekzionistak taldea, “Bagoi hutsak” lanarekin ostiral honetan egongo da Erauskin plazan. Euria egingo balu frontoian izango litzateke. 

Dantza emanaldietan, iaz ez bezala, aurten Dantzakiren emanaldia eskainiko da eta Gernika pasealekuko frontoian izango da. Iaz, Aurtzakaren dantza emanaldia eta Txistularien alardea antzokian izan ziren, aurten frontoira itzuliko dira. Aforoa bete arte jendeak esertzeko aukera izango du, ez dira aldez aurretik gonbidapenak banatuko.

Nobedade gisa, balleteko erakustaldia eskainiko da plaza azpian urriaren 9an eguerdiko 12:00etan. Taller hau emateaz arduratu den Irakasle berria eta proiektu berria ezagutarazteko, zerbait xumea baina ilusio handiz landutakoa aurkeztuko da.

Haurrentzako eskaintza

Atxipi elkarteak, lehen Txilibutxof elkartea zena, (izena aldatu du baina helburu bera mantentzen du) haurrentzako jolasak antolatuko ditu estreinekoz Udazken kulturalean. Urriaren 3an kilometroak 2021 eguna ospatzen dela eta Beasainen antolatuko diren ekitaldien artean Igartzako parkean (Dolarea jatetxearen ondoan) haurrei zuzendutako jolasak eta ikuskizunak izango dira.

Antzezleak herritarrak

Nerea Garmendia aktore beasaindarrak Vaya pack de vascos antzezlana eskainiko du. Herritarra izanik gogotsu dago herrian bere antzezlana agertzeko. Urrup konpainiaren eskutik bi antzezlan motz eskainiko dira saio berean. Beasaingo eta inguruko aktoreek osatzen dute taldea eta herritarron babesa izango dute.

Herriko hainbat lekuetan izango dira emanaldiak: Usurbe Antzokian, Igartzako Monumentu Multzoan, Erauskin plazan, Gernika pasealekuan eta Parrokian. Herriko elkarteen laguntza eta parte hartzea bereziki eskertu nahi izan dute udal agintariek, beraiei esker antolatu bait da egitaraua: Argizpi, Atxipi, Aurtzaka, Arrano kultur elkartea, Aizkorri mendizale elkartea, Goizeresi txistulari taldea, Goieniz zine kluba, Loinatz abesbatza eta Beasaingo Odolki kofradia. Eskertzekoa da ere Goikus eta Aldaberen kolaborazioa. Kalean egingo diren ekitaldiak eserita izango dira eta momentuko segurtasun neurriei erantzungo die.

Egutegia osatzeko argazki lehiaketa

Udal ordezkariek, 2022ko udal egutegia osatzeko argazki lehiaketan parte hartzeko epea irailaren 30ean bukatzen dela gogorarazi dute eta lanak bidaltzera gonbidatu dituzte argazkilari eta argazkizaleak. Argazkietan isladatu behar den gaia “haurrak Beasainen jolasean” da.

2023ko gaia aldiz “Ikusten zaitut” izango da. Urte bete izango dute partaideek argazkiak ateratzeko eta bidaltzeko. Oinarriak urriaren 1ean web orrian, komunikabideetan eta sare sozialetan argitaratuko dira.

Agendaren kontsulta

Ekitaldien egunak, ordutegia eta tokiei buruzko informazio zehatza eta eguneratua, beasain.eus udal webgunearen agendan aurkitu daiteke. Telefono mugikorraren bidez, Beasain aplikaziotik ere informazio berbera eskuratu daiteke.

Honekin batera, hileroko agenda pdf formatuan deskargatzeko aukera ere badago eta udalaren sare sozialetatik, webgunetik eta aplikazioaren bidez eskuratu ahal izango da.

aurkezpena udazken kulturala 20210928 31