Beasaingo Udalak sustutako ikastaroa urriaren 16an hasiko da eta matrikulazio epea urriaren 1a arte dago zabalik

Izena ematen duten beasaindarrek matrikularen erdia ordainduko dute soilik 

Urtxintxa eskolarekin lankidetzan, Beasaingo Udalak antolatutako aisialdirako begirale titulua lortzeko ikastaroan izena emateko epea zabalik egongo da urriaren 1a arte.  Ikastaro honen bidez, Eusko Jaurlaritzak homologatutako “Haur eta Gazteen Aisialdirako Begiralea” titulua eskuratu daiteke. Haurren aisialdian euskaraz lan egiteko formakuntza ziurtatzen duen agiria Beasaindik mugitu gabe lortzeko aukera eskura jarri du Udalak. Gainera, Beasainen erroldatuta daudenek matrikularen erdia ordainduko dute soilik. 

Ekimen honekin ere, Beasaingo Udalak gazteei aisialdirako heziketan lan egiteko baliagarria zaien titulazioa lortzeko eskaintza egiten die. Lana egiteko aukeraz gain, aisialdian euskararen erabileran lagunduko duten begiraleen formakuntza sustatzen du. 

Ikastaroa urriaren 16an hasiko da eta datorren urteko ekainaren 11an izango du amaiera. 150 ordu teoriko, 160 praktiko eta memoria baten lanketaz osatua egongo da. Tartean asteburu bateko irteera bat izango da.  

Baldintza nagusiak, 2021eko abenduaren 31rako 18 urte beteta edukitzea, DBHko titulazioa izatea eta euskara maila egokia izatea dira (klaseak jarraitu eta memoria euskaraz entregatzeko gai izatea).

Informazio gehiago eta baldintzak 

 beasain 724x1024