Beasaingo Udalak eta Aittu euskara elkarteak sinatu duten hitzarmenak euskararen herrigintza egituratzea du helburu

Beasain udalerri euskalduna bihurtzeaz gain, Euskalgintzaren Mahaia antolatu eta Beasaingo gizarte esparru guztietako eragile eta gazteekin elkarreragingo dute 

Beasaingo Udalak Beasainen euskararen erabilera normalizatu eta sendotzeko duen helburu nagusiaren baitan gauzatu da Aittu Euskara Elkartea eta udal erakundearen arteko elkarlanerako hitzarmena. Beasainen aitzindaria da mota honetako hitzarmena; izan ere lehen aldia da Beasaingo Udalak euskara sustatzeko hitzarmen bat sinatzen duela Beasaingo herritarrak euskara bultzatzeko legeztatutako talde antolatu batekin. 

Hitzarmen honen aurkezpenean, Udalaren izenean Leire Artola alkatea izan da eta Aittu elkartetik Patxi Saez presidentea, Miren Alvarez presidenteordea eta Arantxa Sarriegi idazkaria. Alkatearen hitzetan, “Udal gobernuak bere agintealdi planean, udalerrian euskararen erabilera normalizatzea helburu estrategiko gisa ezarrita duela adierazi du. Euskara zehar-lerro gisa sail guztietara hedatu behar den arloa da ezbairik gabe. Herrigintzaz ari garenean gure nortasunaren ezinbesteko ikurra da euskara eta horren sustapena gure ardura da. Horretarako herriko elkartegintza sarearekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa da eta hori gauzatzera gatoz gaur”. 

Aittu elkarteko ordezkariek, hitzarmenak euskararen herrigintza egituratzeko helburua duela esan dute. “Euskalgintzaren etxea, sendo eta gotor eraiki ahal izateko aldamioak jarri ditugu hitzarmen honekin eta orain, aldamio horietatik auzolanean aittuko diren beasaindarrak behar ditugu” gaineratu dute. 2030. urterako, Aittutik Beasain Udalerri Euskalduna bihurtzeko erronkari helduko diotela azaldu dute. Udalerri euskalduna izateko biztanle euskaldunen kopurua lortzeaz gain (biztanleen %70), euskara herrian Aittu nahi dutela diote eta, aldi berean, Beasaingo herrian euskaraz Aittu nahi dutela aldarrikatu dute. Aittu! Euskara Elkarteak euskara egin eta entzun nahi du Beasaingo gizarte bizitzan eta helburu hori lorbidean jartzeko beasaindar euskaltzaleen bilgune izan nahi du.

aittu hitzarmena 3

Xede horiek lortze aldera adostutako jarduerak garatzeko konpromisoa itxi da hitzarmenarekin. Hori horrela bi aldeek sinatutako hitzarmenak nagusiki honako ekimenak biltzen ditu. 

Beasaingo euskalgintza egituratu  

Beasaingo Euskalgintza egituratzeko asmoz herriko gizarte esparru guztietako eragileekin Euskalgintzaren Mahaia antolatuko dute eta banan banako engaiamenduak lortzen saiatuko dira. Euskararen erabilerari buruzko azterketa egin eta beharrak zein diren atzematea eginkizun izango dute. 

Herriko 200 erakundeei euskararen sustapenean elkarlanean aritzeko proposamena luzatuko diete eta TiketBAI fakturazio sistema euskarara jartzeko laguntza eskaini. Gazteengan ere eragingo dute. Euskaraldian 15 eta 27 urte bitarteko 18 kuadrillekin egindako harremanari esker Aittugazte dinamikari ekingo diote euskara hauen harremanetarako ardatz hizkuntza bihur dadin. Euskararen Nazioarteko Egunaren antolaketan ere parte hartuko du elkarteak eta azkenik Goierriko euskara elkarteekin eta Topagunearekin elkarlanerako plangintza bat zehaztuko dute. 

Beasaingo udalak, bere aldetik, ekintza hauek aurrera eraman daitezen Aittu Euskara Elkarteari urteroko dirulaguntza emateaz gain (15:000 euro), lokal baten lagapena egingo dio. Bestalde, antolatzen diren ekitaldien antolaketan parte hartuko du beharrezko laguntza emanez eta azpiegituraz ornitzeko konpromisoa hartzen du. Horretaz aparte udalaz gaindi dauden erakundeekin harremanetan jartzeko ardura hartuko du.  

aittu hitzarmena 21