Euskararen Nazioarteko Egunean, euskal instituzio publikoek krisiari euskaraz aurre egiteko deialdia egin dute

Batuketatik biderketara lelopean, Eusko Jaurlaritza, EAEko hiru aldundiek eta hiriburuetako udalek, EUDELek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Euskararen Nazioarteko Egunerako kaleratutako adierazpenean, gizartea euskaraz biziberritzeko aldarria egin dute. 

Bizi dugun krisi-testuinguruan, Euskaraldiak zailtasunak aukera bilakatzeko abagunea  eskaintzen du, krisia aukera bihurtzeko lanabesa, eta horrek areagotu egingo du guztion eta bakoitzaren konpromisoaren balioa, baita administrazio eta erakunde publikoena. 

Instituzioek erantzukizunaren bidetik heldu diogu erronkari, denon indarrak batuz, ez baitago beste irtenbiderik. Euskararen hiztun elkarteak ere sufritu du pandemiaren eragina, bereziki erabilera mailan. Erakunde publikoen lana handia izanagatik ere, ezin izan zaio nahi bezala erantzun. 

Euskaldunok egin dezakegu funtsezko ekarpena. Gizarte-ahalegin horretan osagai ezinbestekoa izango da gure esku dagoena: euskaraz aurre egitea mundu mailako krisiari; euskaraz sendatuko gara, euskaraz sendatuko dugu gure gizartea. Horixe da euskaldunok giza garapenari egiten diogun ekarria, euskara gero eta gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabili. 

Bagenekien euskaraz zetorrela geroa, euskaraz ere mintzo dela etorkizuna, eta aurten beste zerbait ikasi dugu: egoera zailetatik ateratzeko eginahalean lagungarri dugu euskara, bidelagun ezinbestekoa. Krisialditik sendoago ateratzea helburu dugun honetan, erabil dezagun euskara ere aurrera egiteko lanabes gisa.

Euskarak herri egiten gaitu; euskal hiztunon komunitateak egiten du euskara orainaren eta etorkizunaren hizkuntza.

Ikus pdf adierazpen instituzionala (607 KB) osorik