19/20 ikasturtean Loinatz Udal Musika Eskolak martxan jarriko du “aulavirtualmusica” metodologia, Musika Lengoaia irakasteko metodo elkarreragile berritzailea

Haurrek dituzten ikasteko ohiturei eta errealitateari egokitua da eta gailu elektroniko bidez etxean praktikatu, landu eta jolasteko aukera eskaintzen du

Loinatz Udal Musika Eskolak musika irakaskuntzarako metodo berritzaile baten inplantazioa aurkeztuz eman dio hasiera 2019/2020 ikasturteari. Beasaingo Udalak Musika Eskolaren proposamenari bidea irekiz, hasieratik begi onez ikusi zuen metodologia berritzaile honen inplantazioa eta aurrera egiteko apustua egin zuen 7.000 euroko inbertsioa onartuz.

Musika lengoai irakasteko metodo elkarreragile berritzailea da “aulavirtualmusica” metodologia. Euskarara itzuli berri dute Valentzian sortutako metodo berri hau eta Beasaingo Udalak musikaren irakaskuntza, metodologia berrienekin egungo behar eta erabileretara egokitzea beharrezkotzat jo du. Halaxe adierazi du udaletxean egindako aurkezpenean Xabier Matarranz kultura zinegotziak. Teknologia berrien aplikazioa irakaskuntzan etengabe eman behar da eta kasu honetan musikaren alorrean are gehiago, jakinik musikaren lengoaia irakasteko alorrean teknologia bidez irakasteko tresnen hutsunea oso nabaria dela. 

Loinatz Musika Eskolako zuzendaria den Arantxa Gastesik bere aldetik, “aulavirtualmusica” metodologia berri honek eskaintzen dituen onurak aurkeztu ditu. Musika Lengoaia modu erakargarrian eta dinamikoagoan ikasteko aukera eskaintzen du, gaur egun haurrek dituzten ikasteko ohiturei eta euren errealitateari egokitua, eta gailu elektroniko bidez etxean praktikatu, landu eta jolasteko aukera eskaintzen duena. Musika ikastetxeetara zuzendua dagoen metodologia da, ez da partikularrei zuzendua.

Instrumentuaren ikasgaiaren osagarria izango da ingurune birtual hau. Jada gurasoei aurkeztu zaie metodologia berri honen nondik norakoak eta musikaren irakaskuntzan laguntzeko tresna baliogarria izango dela nabarmendu dute arduradunek.  

Musika Eskolaren web eraberritua

Teknologia berrien inplantazioarekin jarraituz, Beasaingo Udala eta Loinatz udal Musika Eskola, azken honen web ataria berritzeko azken lanak burutzen ari dira. Datozen asteetan argitaratuko da musika irakasteko udal ikastetxeari buruzko informazioa, tramiteak egiteko bidea eta beste hainbat zerbitzu eskainiko dituen ataria.