Beasaingo Odolkiaren kofradiak bere XXXIV. Kapitulua ospatuko du eta Martin Garcia historialaria, Nerea Garmendia aktorea eta Jakitea elkartea kofradiako kide berriak izendatuko dituzte

Aranealde erretiratuen elkarteak, Juana Maria Zurutuza Urkia eta Jose Mari Llorente Gutierrez bazkide helduenak omenduko ditu bere urteroko jaiaren barruan

Murumendi pilota eskolako haurren partiduak, musika ibiltaria eta aizkolarien binakako “Urrezko aizkora” txapelketaren finalerdiak osatuko dute herriko zaindariaren egunerako prestatu den egitaraua

Beasaingo Udalaren helburua izan da Loinazko San Martin egunari garrantzi berezia ematea. Otsailaren 5a nabarmendu asmoz, nortasunarekin eta tradizioei lotutako ekitaldi ezberdinak bildu dituzte herriko elkarte eta eragile ezberdinek egun hau ospatzeko Udalarekin elkarlanean antolatu den egitaraua.

Herriko zaindariaren eguna izaki, indar berezia eman nahi izan zaio eta azken urteetan antolatu den egitarau osatuena aurkeztu da udaletxeko batzar aretoan gaur goizean. Aitor Aldasoro alkatearekin batera Enkarni Arrieta zinegotzia, Juanjo Ganzarain eta Julio Escalante odolki kofradiaren kideak, Carlos Posa Aranealde elkarteko ordezkaria eta Luis Mari Bengoa Egur sport elkartearen izenean eta Iñaki Azurmendi aizkolari arriarandarra egon dira.

Alkateak Loinazko San Martin egunari eman nahi zaion garrantziaren azalpenen ondotik, elkarte bakoitzeko ordezkariak ekitaldien berri eman dute. Horrela bada, Aranealde erretiratuen elkarteak bere egitarauaren kontu eman du. Ia 1.000 bazkide biltzen dituen Aranealde egoitzan eguerdian bazkideentzako hamaiketakoa eskainiko dute. Arratsaldeko 17:00etan adin gehien duten bazkideei omenaldia egingo diete. Aurten Juana Maria Zurutuza Urkia eta Jose Mari Llorente Gutierrez izango dira Aurtzaka dantza taldeko aurren emanaldiarekin. Ondoren Gurea abesbatzaren ekitaldia izango da eta  jarraian dantzaldia Lerro taldearen eskutik gaueko 21:00ak arte.

Martin Garcia, Nerea Garmendia eta Jakitea, ohorezko kofrade berriak

Loinazko San Martin egunean protagonismo berezia ere izaten du Beasaingo odolkiaren kofradiak. Aurten 34. Kapitulua ospatuko du eta kofradiako kide berriak izendatuko ditu. Ohore hori aurten honako elkarte eta pertsonak jasoko dute: Martin Garcia herriko historialariak, Nerea Garmendia aktoreak eta Jakitea (Gure betiko sukaldaritza) elkartea. Juanjo Ganzarain kofradiako kideak adierazi du 19 kofradietako ordezkariak izango direla Beasainen. Ekitaldi nagusia eguerdiko 12:00etan ospatuko da Loinazko San Martin plazan baina aurretik eta ondoren kanpotik datozen kofradiei ongietorria, meza nagusia, zaindariaren estatuan lore eskaintza eta dantza, odolki dastatze herrikoia eta adiskidetasun bazkaria ere egingo dira.

Musika, pilota partiduak eta “Urrezko aizkora”

Azken urteetan nortasuna eta bertako izaeraren adierazle diren kirol ekitaldiak erantsi zaizkio egun honen inguruko ospakizunei. Otsailaren 5ean kokatu dira oraingoan haurren pilota partiduak eta herri kirolak. Murumendi pilota eskolako haurren partiduak arratsaldeko 17:00etan jokatuko dira Gernika pasealekuko frontoian. Etorkizuneko pilotariak ikusteko aukera ezin hobea izango da. Musika ere kalez-kale barreiatuko du “Benta zaharreko mutiko alaiak” taldeak. Arratsaldeko 17:30ak eta 20:00ak bitartean izango da hori.

Aizkolarien binakako “Urrezko aizkora” txapelketako lehen finalerdia Beasainen jokatuko da Antzizar kiroldegian. Bertarako sailkatua dago Iñaki Azurmendi herritarra. Bikote Ugaitz Mugertza mutrikuarra izango du eta finalerako sailkatzeko txartelaren bila igoko dira enborren gainera otsailaren 5ean. Ekitaldia arratsaldeko 18:30ean hasiko da. Aurkari zein izango dituzten oraindik ez dakite; Larrañaga-Otaño edo Arria V-Rekondo bikoteetako bat izango da. Emakume aizkolariak ere lehian izango dira. Kasu honetan txapelketa bakarkako da eta Nerea Sorondo beratarra izango da Beasaingo lehian. Bere aurkaria nor izango den jakiteko itxaron egin behar da kasu honetan ere. Harrijasotze txapelketan bere buruarekin lehian Aimar Galarraga oriotarra izango da 175 kiloko laukizuzena eta 150 kiloko kubikoa altxatuz ahalik eta jasoaldi gehienetan. Ekitaldirako sarrerak 15 euro balio ditu eta ETBk grabatuko du otsailaren 10ean eskaintzeko.

Orotariko egitaraua, nortasunaren adierazle diren tradizio eta ohiturei lotuta. Herri kirolei bultzada eta indarra eman asmoz bereziki. Horregatik herri kirolen saiora gerturatzeko eta zaindariaren eguna ospatzeko dei berezia egin dute antolatzaile eta udal ordezkariek.

urrezko aizkora BEASAIN19