Herritar ezagunek osatu zuten bikoteka Beasaingo Euskaraldiaren hamaikakoa 

Beasaindarren bi herenek dakite edo ezagutzen dute euskara eta honen erabilera aktibatzea du helburu azaroaren 23tik abenduaren 3ra burutuko den ekimenak

Beasaingo Udalak sustatuta aurkeztu da Beasainen Euskaraldia, hizkuntza ohituren aldaketan lan egitea helburu duen egitasmoa. Igartza jauregian burututako aurkezpenean, Aitor Aldasoro alkateak azaldu zuen “duela urtebete inguru hasitako lanek ekarri gaituztela honaiño. Lehenik “Txuku Mutxu” lelopean euskararen nazioarteko egunaren festaren antolakuntzan lan eginez eta orain nazio mailako ekimen honetan parte hartuz”. Izan ere, aipatu zuen “euskararen sustapenean geroz eta gehiago nahi dugunak zeregina badagoela ikusten dugu eta Beasainen datuek diotenaren arabera herritarren ia bi herenak dakite edo ia ezagutzen dute euskara, erabilera da ordea aktibatu behar dena”.

Beasaingo Euskaraldiaren lan taldean dabiltzanak eskertuz hasiera eman zitzaion ekitaldiari. Euskaraldia hitzaren hizki bakoitza eusten zuten beasaindar bikoteak hauek izan ziren: Maria Jose Irazustabarrena eta Jose Luis Etxezarreta, Itziar Orbegozo eta Alain Lopez, Maddi Ayestaran eta Aitor Sarriegi, Aritz Elustondo eta Josune Aldanondo, Begoña García eta Iñaki Dorado, Maripaz Sanchez eta Pello Irizar, Marixabel Yañez eta Kety Lopez, Beñat Iturrioz eta Martin Kortaberria, Alberto Elzo eta Mikel Valdi, Felitxo Huizi eta Trini Barandiaran, eta Cristian Esono eta Olatz Larrea.

Jarraian Anita Alonso eta Maider Altuna Beasaingo Euskaraldiaren koordinatzaileak Euskaraldiaren helburu eta funtzionamendua antzezpen bidez azaldu zuten.

Euskal hiztunen aktibazioa helburu, 11 egun euskaraz

Beasaindar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Euskara gehiago erabiltzea izango da 2018ko azaroa eta abendua bitartean egingo den Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimenaren xedea. Azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3a arte luzatuko da, euskararen nazioarteko egunerarte. 

Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako beasaindarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi dira. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira. Belarriprest berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak. Horretarako, herritarrek udazkenean izango dute Euskaraldia, 11 egun euskaraz dinamikan izena emateko aukera. Irailean zabalduko da izen ematea eta Ahobizi zein Belarriprest modura partea hartu ahal izango dute nahi duten herritarrek. Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan Ahobizi edo Belarriprest identifikazio ikurra erabiliko dute parte hartzaile guztiek.