Larunbat honetan urriaren 19an Rafael Izquierdo Espainiako BMX modalitateko txapeldunaren erakustaldiarekin estreinatuko da Beasaingo Pumptrack pista berria

Goizez eta arratsaldez eskainiko ditu bi erakustaldi; 12:00etan eta 17:00etan  12 urtez azpikoentzat eta 13:00etan eta 18:00etan 12 urtetik gorakoentzat

Hiru aste iraun dute Pumptrack pista berria eraikitzeko lanak eta larunbatean estreinatuko da goiz eta arratsaldez egingo diren erakustaldiekin. Erakustaldi horietan parte hartuko du BMX bizikleta modalitateko Espainiako txapelduna izan den Rafael Izquierdo Tellok. Erakustaldiak goizez eta arratsaldez izango dira. 12:00etatik 13:00etara 12 urtetik beherakoei zuzenduta egongo da eta 13:00etatik 14:00etara 12 urtetik gorakoentzat. Arratsaldean berriz txanda horiek errepikatuko dira 17:00etatik 18:00etara eta 18:00etatik 19:00etara.  

Rafael Izquierdo bizikletan malabareak egiten maisua da eta Beasaingo zirkuitua gainbegiratuko du. BMX modalitateko Espainiako txapeldun izan da 5 aldiz. 2009an hasi zen kirol honetan Scott markarekin eta besteak beste nazioarte mailan 3 podium lortutakoa da, Espainiako 2 kopa eta estatuko liga bat ere irabazi ditu azken 5 urteetan.

Arauak eta ezaugarriak

Pumptrack pistan bizikleta, skate edo irristatzen den edozein gailurekin oztopoak gaindituz ibili daiteke. Erabilerari dagokionez, Kaskoa eta babesak eramatea beharrezkoa da eta haurrak helduek lagunduta ibili beharko dira. Motorra duten gailuak debekatuak egongo dira, baita bertan oinez ibiltzea, animaliak sartzea edo kontrako norabidean ibiltzea.

Beasaingo Pumptrack pista berriak bere ezaugarriengatik Euskal Herrian dagoen pista akabera onena duen zirkuitua da egileen esanetan. 1.300 metro koadroko eremua hartzen du eta 1.000 metroko luzera izango du, haurrentzako eremu txiki bat eta gaztetxo eta helduentzako beste bat zirkuitu nagusi bat ditu. Azpiegitura berri honek Igartzako kirol eremua berritu eta osatuko du eta honen erabilera areagotu. Honela Udalak hirigintza arloan erabilera gutxi eta degradatuak dauden eremuak berreskuratzeko helburua betetzen jarraitzen du, kirola egiteko aukera berri bat emanez herritarrei euren ongizate eta bizi kalitatean eragiteko. Azpiegitura berri hau eraikitzearen ardura Pumptrack Park S.L.U. enpresak hartu du eta 97.936,92 euroko aurrekontua erabili da horretarako.