Beasaingo Igartza jauregian aurkeztu dituzte igandean Antzizar pilotalekuan jokatuko diren Euskal Pilota Egokitutako Master Cup txapelketaren finalak. Jaialdia eguerdiko 12etan hasiko da eta sarrera debaldekoa izango da aforoa bete arte eta gainera, partidak ETB-k emango ditu zuzenean. Txapelketa honek duen benetako helburua, kirolari hauen ikusgarritasunean, aurrera pauso izugarri bat suposatuko du. Aurkezpenean Beasaingo Udalaren izenean Aitor Aldasoro alkateak, kirol egokituarekin udalak duen konpromisoan berretsi da eta honelako ekitaldi bat Beasainen burutzea horren adierazlea dela nabarmendu du.

Antolatzaileeen arabera, bigarren edizio honetan parte hartzaileen kopurua hazi egin da iazkoarekiko eta aurtengoak izan duen harrera ikusita, datorren urterako asmoa hazten jarraitzea da. Gainera, Iker Amarika antolatzaileak adierazi duenez, «valentziar pilotan ari diren zenbait pilotarik agertu dute hurrengo urtean erabat irekia den txapelketa honetan parte hartzeko asmoa».

Egokitutako kirola ere hazten ari da Gipuzkoan. Iñaki Iturrioz, Aldundiko kirol zerbitzu buruak adierazi duenez, lizentzia kopurua %20tik gora igo da azken bi urteetan, 533ra heltzeraino eta eskola kirolean ere 185 dira gaur egun aritzen diren haurrak.

Lehiaketa bi mailatan banatu da eta Azkoitian jokatutako kanporaketen ostean, Sheila Cueto-Iraitz Huegun (Errenteria eta  Donostiakoak),  Leire Esnal (Zumaia) eta Eneko Sagarmendiren  (Errenteria)  aurka arituko dira adimen urritasuna dutenen mailan eta gurpildun aulkikoen artean Joseba Lasa (Lesaka)-Beñat Lizaso (Usurbil) eta Javier Etxezarreta (Donostia)-Asier Navaridas (Sunbila) ariko dira txapelen bila.

«Gure aurpegia zarete. Gipuzkoako Egokitutako Kirolen Federazioak 15 urte bete ditu eta gauza asko egin dira, baina hau aukera izugarria da. Goza ezazue eta dena eman. Ondo pasa eta jakin jende asko izango dela zuei begira, harritu egingo den jende asko, ematen duzuen ikuskizuna oso handia da eta». Hala opa die Blanca Aranguren, federazioko lehendakari ordeak, kanxan dena emateko prest agertu diren zortzi finalistei. Aurkezpenean izan diren ordezkari guztiek kirolari bikain hauek Antzizarreko harmailetatik babesteko deia luzatu dute.