Binakako promozio txapelketako finalerdietako partiduan Peña II eta Erasun, Etxeberria eta Jaunarenaren aurka jokatuko dute eta lehen mailako norgehiagokan Bengoetxea VI eta Albisu, Urrutikoetxea eta Ladis Galarza izango dira aurrez aurre

Udalak honela enpresekin duen akordioari esker Beasainen goi mailako pilota partiduak antolatuz, pilota sustatzeko ahaleginari eusten dio

Hitzordua ostiral honetan, hilak 16, izango da gaueko 22:00etan Antzizar kiroldegiko frontoian. Goi mailako pilotari profesionalak eta binakako promozioko txapela lortzeko ahaleginean dabiltzan bikoteak ikusteko aukera izango da. 

Pilotazaleentzako jaialdi erakargarria antolatu da. Binakako esku pilota partiduak izango dira. Alde batetik, promozioko txapelketaren barruan finalerdietako partidua jokatuko da Peña II eta Erasun, Etxeberria eta Jaunarenaren artean. Hauek finalera iristeko lehian izango dira. Bestalde, jaialdia borobiltzeko bigarren partidua egungo punta-puntako pilotariak jokatuko dute, Bengoetxea VI eta Albisu, Urrutikoetxea eta Ladis Galarzaren aurka.

Beasaingo Udalak honela herrian pilota eta kirol honekiko zaletasuna pizteko ahaleginean jarraitzen du. Murumendi pilota eskolarekin eta kirol fundazioaren bidez iaz pilota enpresa nagusienekin hitzartutako akordioari esker, goi mailako pilotarien arteko partiduak Beasainen jokatzeko konpromisoa lortu zuen. Iazko ekainean San Fermin txapelketako finalerdietako partiduak jokatuz jarri zen martxan akordioa. Aurten errepikatuko dira ekaineko jaialdiak baina bi aldeak ez dira horretara bakarrik mugatuko eta aukera sortzen denean bien adostasunarekin jaialdi gehiago antolatzeko aukera zabalik dago, orain gertatu dena adibide.

Bertako eta eskualdeko pilotariak jokatzen ikusteko aukera paregabea izango da, Albisu ataundarra eta Peña II-aren kasuan aita beasaindarra duena (Peña pilotari ohia). Sarrerak Antzizar kiroldegiko takilan eskuratu ahal izango dira egunean bertan eta 20 euroko salneurria izango dute. ETB zuzenean eskainiko du jaialdia.

Pelota Kartela 40x60 Beasain copia