Iñaki Azurmendi arriarandarra eta Jon Rekondo, Iker Vicente eta Ruben Saralegi nafarrak izango dira aurrez-aurre 24 enbor mozten eta nesketan Irati Astondoa, Maika Ariztegi eta Nerea Sorondo arituko dira banakako lehian 9 enborrekin

Jaialdia osatzeko harri jasotzen Imanol Illarramendi “Kortaberri” ariko da 175eko errektangularra eta 150eko kubikoarekin bere buruaren aurka

Beasaingo Udalak herri kirolen aldeko apustua eginez hirugarren urtez jarraian ekarri du Eusko Label txapelketa Antzizar kiroldegira eta ETBk grabatuko ekitaldia. 18 urtez azpikoek sarrera doan izango dute eta gainontzekoek 15€an

Egungo aizkolari onenak berriro izango dira beste urte batez Beasainen. Udalak herri kirolen aldeko apustuarekin jarraituz, maila goreneko aizkolarien lehia ekarri du. Hirugarren urtea da txapelketa hau Beasainera datorrela. Eusko Label Urrezko Aizkolarien biñakako Txapelketaren finalerdi eta finalera iristeko azken jardunaldia izango da igandekoa.

Udaletxean egindako aurkezpenean, Alkatea, Luis Mari Bengoa Egur Sport SLko ordezkaria eta Iñaki Azurmendi bertako aizkolaria izan dira. Aitor Aldasoro alkatearen hitzetan, “herri kirolek Beasainen duten tokia mantentzen jarraitzen dugu eta Iñaki Azurmendi etxean aritzeak balio erantsia ematen dio igandeko lehiari”. Luis Mari Bengoa, Egur Sport SL elkarteko ordezkariak lehia bizia izango dela aurreratu du. 24 enbor sei izakera ezberdinetan moztuko dituzte. Igandeko bikote irabazlea zuzenean Azpeitiko final handira pasako da. Bikote galtzaileak beste aukera bat izango du Oñatin burutuko den finalerdian.

Nesketan aldiz, bakarka lehiatuko dira. 9 enbor bi izakera ezberdinetan ebakiko dituzte. Bigarren urtez antolatu dute antolatzaileek emakume aizkolarien Eusko Label txapelketa eta honela emakumeen parte hartzea bultzatzen jarraitzeko desioa azaldu dute. Banakako lehian, Irati Astondoa Zeanurikoa, Maika Ariztegi Iturengoa eta Nerea Sorondo Berakoa arituko dira nor baino nor.

Jaialdia borobiltzeko Urrezko harrijasotzaileen txapelketan Imanol Illarramendi “Kortaberri” izango da bere buruaren aurkako lehian. Igandeko lanetan, 175 kiloko errektangularra eta 150 kiloko kubikoa bakoitzarekin bi minututan ahalik eta altxaldi gehienetan sorbaldan berdintzen saiatuko da.

Herri kirol jaialdia eguerdiko 12:00tan hasiko da Antzizar kiroldegian eta aipatu Euskal Telebistak saioa grabatuko duela arratsalde berean eskaintzeko. Sarrera doan izango da 18 urtez azpikoentzat. Gainontzekoentzat 15€an egongo dira sarrerak salgai.