C1 - Irakurmena - ZIENTZIA FIKZIOA. GIZAKION KEZKAK TEKNOLOGIAREN AURREAN

C1 irakurmena

ZIENTZIA FIKZIOA. GIZAKION KEZKAK TEKNOLOGIAREN AURREAN

 

Irakurri arretaz ondorengo testua. Erantzun ondorengo 8 galderak aukera egokiena aukeratuz (klik eginez). Bakarra da zuzena. Proba gainditzeko, 5 galdera gainditu beharko dituzu, gutxienez (%60).


Zientzia-fikzioak (ZF) gogokoen duen gaia da teknologiaren aurrerapena eta horren eragina naturan eta gizakiongan. Literaturaren genero gisa, ZF iraultza industrialarekin batera garatu zen. Pentsaera positibistaren isla, ZFren egileek garapen teknikoaren ideiak sortzen duen lilura jaso zuten. Jules Verne eta H.G. Wells egileek ezezaguna esploratzeko teknologiak irekitzen dituen aukerak goraipatu zituzten. Hala ere, ezin da esan beren ikuspuntua akritikoa izan zenik, etorkizunari buruzko beren proiekzioetan baliabide naturalak agortzea eta teknologiaren erabilera oker baten arriskuak eta katastrofeak kontuan hartzen baitira, eta, hainbatetan, aurrerapen teknikoaren onuradun bakarra gizartearen elite bat izaten baita. Izan ere, teknologia gizadia zatitzeko beste tresna bat baino ez da, bakarrik goiko klaseek kontrolatua denean.

1818. urtean, Mari Shelley idazle britainiarrak Frankenstein eleberria argitaratu zuen. Zientzia-fikzioaren lehenengo lan horretan bertan aurkitzen dugu gai errepikari bat izango dena: ezezagunak sortzen duen ikara. Baina ikara hori, «besteek» sor dezaketen beldurra, batik bat XIX. mendearen bukaeratik aurrera garatu zen, hain zuzen ere, darwinismo sozialaren teoriak hedatzearekin batera. Izan ere, berezko hautespenari buruzko Darwinen teoriak gizakietan ere ezartzeak arrazismo, kolonialismo eta eugenesiaren aldeko ideologiak indartzea ekarri zuen.

Gizadia bitan, edo zati gehiagotan, banandua azaltzen den ZFren kontakizunak ez dira gutxi izan. Hala ere, agian itxura gordetzearren, deseroso sentiarazten gaituzten edo gorrotatzen ditugun giza talde horiek askotan estralurtarrez mozorrotzen dira. Estralurtarra, ezagutu baino lehen, edozertarako balio duen pertsonaia zital bihurtu dugu. ZFren historian, gutxitan azaldu da izaki adiskidetsu gisa. Baina, esan bezala, estralurtarrak metafora bat baino ez dira. H. G. Wellsen The War of the Worldsen, alienigenen itxurak berak gerta litekeen giza eboluzio akastun baten emaitza irudikatzen du, zeinak mendebaldeko gizartearen oinarriak eta balioak mehatxatzen baititu.

Beste lan batzuetan ere gizakia sailkatuta agertzen da. Adibidez, Fritz Lang-ek, New York hiria bisitatu ondoren, ikuspegi sozial eta kritikoagoan oinarritzen den Metropolis filma egin zuen. Metropolisen, gizartea oso mailakatua dago eta lur azpian bizi dira industria-langileak. Garaiko «lanaren antolaketa zientifiko» izenekoaren eta garapen teknologikoaren ondorioz, langileek erabateko alienazioan bizi behar dute, esklabo gisa.

XX. mendeko bi mundu-gerren artean, estatubatuarren garaipenak eta 1929ko krisialdiak beste osagai bat ekarri zuten zientzia-fikzioaren eremura: superheroia. Adituen ustean, superheroia armada estatubatuarraren sinboloa da. Superheroiak gure planetan edo kanpoko espazioan dauden hamaika mehatxuri egin behar dio aurre. Komikietan, liburuetan eta filmetan zabaldu diren superheroien istorioek ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka irudikatzen dute. Erlijio-kutsua nabaria da, baita harrokeria aberkoia ere, ez baitzen ezkutatzen mendebaldeko zibilizazioak ordura arte kontrol gabe zituen lurraldeak eta herriak kolonizatu nahi zituela.

Zientzia-fikzioan iragarpen katastrofikoak ohikoak dira; batzuetan, gizakiek ama-lurra ere utzi egin behar izaten dute. Egia esan, badago katastrofismorako arrazoirik. Estatubatuarrek Japoniako Hiroshima eta Nagasaki hirietan botatako lehergailuek teknologiaren ahalmen suntsitzailea itzela zela frogatu zuten. Bestalde, ez da ahaztu behar joan den mendearen azken zatian hainbat gaixotasun ezezagunen hedapena ikusi dela, eta horietako batzuek erabilera teknologikoarekin zerikusia dutela ematen du.

Azken hamarkadetan, aldaketa klimatikoarekin zerikusia duten ezbehar masiboak irudikatu dira. Bilduma agorrezina eta ezaguna da: beroketa globala, glaziarrak galtzea, itsas maila igotzea... Azpigeneroak badu izena: ekofikzio apokaliptikoa. Hala ere, fenomeno horien erantzukizuna azaltzean, aldaketa nabarmena gertatu da: orain, errua gero eta kolektiboagoa da, hau da, gero eta galduagoa.

ZFko kontakizun berrietan, besteak beste, nanoteknologiek, ingeniaritza genetikoek eta adimen artifizialaren inguruko ikerketek honako hausnarketa hau planteatzen dute: etorkizunean non kokatuko da gizakiaren eta makinaren arteko bereizte-lerroa? Paradigmatiko bihurtu zen Blade Runner filmean eta eleberrian muga hori desagertu egin da, eta bata eta bestea ezin dira bereizi.

GONZALEZ DE GARAI, Iñaki. , 2013ko martxoa. Egokitua.


 

.