Gazte laguntzaileentzako beken eta haurren denboraldi programetarako laguntza eskaerarik izan ez denez, hortara bideratutako diru kopuruak larrialdietarako laguntzetara bideratzea onartu da

Beasaingo Udalak bere aurrekontuetan lankidetza jardueretara zuzenduta duen kopuruaren erdia, Beasaingo gazte laguntzaileentzat bekak emateko eta garatze bidean edo zoritxarren bat jasan duten herrialdeetatik datozen haurren denboraldirako harrera programarako zuen bideratua. Beste erdia aldiz, garatze bidean dauden herrialdeei zuzendutako larrialdietarako edo ekintza gizatiarrentzako.

Halabaina, gazte laguntzaileentzat bekak emateko eta haurren denboraldirako harrera programarako eskaerarik aurkeztu ez zenez, horietara bideratzea aurreikusitako diru kopuruak larrialdietarako laguntzetara zuzentzeko proposamena onartu da aho batez udalbatza osoaren iraileko bilkuran. Orotara beraz 50.000 euro izango dira helburu horretara zuzenduko den laguntza. 

Elkartasunari eta esperientzien trukeari laguntza

Badira jadanik legealdi batzuk non Beasaingo Udalak lankidetza egitarau ezberdinei bere aurrekontuko diru-sarrera arruntetik  %1a zuzentzen duela. Kopuru horren banaketa honela burutzen da: % 70 garapen-proiektuetara (% 45 Euskal Fondoa eta % 25 Garabide elkartearekin dagoen hitzarmenera), % 15 larrialdietarako laguntzetarako edo ekintza gizatiarrentzako, % 7 hondamendiak gertatu diren edo garatzeko bidean dauden herrialdeetatik datozen haurren aldi baterako laguntzei emateko eta % 8 herriko gazte lankideentzako beketarako.

Hizkuntzan lankidetza

Garabide elkartearekin Beasaingo Udalak duen hitzarmenak, garapen bidean dauden herrialdeen nortasunean eta hizkuntza gutxiagotuen sustapenean, euskarak gurean egin duen ibilbidea eredu hartuta esperientziak trukatzean du funtsa. Gobernu taldearen apustua 2017an hasi zen Garabiderekin izenpetutako hitzarmenarekin eta urtero berrituz joan da. Honela, hizkuntza gutxiagotuak dituzten herrialde eta komunitate indigenetako ordezkariak izan dira Beasainen euskararen biziberritze esperientzian oinarritutako ikastaroak jasotzen bertako adituen eskutik eta hizkuntzaren inguruko sentsibilizazio ekintzen berri ezagutzen. 

Bilkuran proposatu eta onartutako beste gaien artean Lurralde saileko koordinatzailearen monografia eta balorazioa onartu zen alderdi sozialistaren aurkako bi botuekin. 2020ko plantilla eta lanpostu zerrendaren aldaketari hasierako onespena eman zitzaion gobernu taldearen aldeko botoekin eta oposizioko taldeen aurkako botoekin.