Beasaingo Hiria Antolatzeko Plan Orokorra idazteko parte-hartze prozesuaren lehen fasearen amaierako balorazioan parte hartu duten herritarren iritzien aniztasuna jaso da

Helburua azken batean herritarren parte hartzearekin etorkizuneko Beasain eraikitzeko udalerri eroso, atsegin, irisgarri eta pertsonei egokitua izango den baldintzak ezartzea da

Beasaingo Hiria Antolatzeko Plan Orokorra idazteko herritarren parte-hartze prozesuaren lehen fasea amaitu da. Seigarren eta azken saioan, aurkeztuta zeuden proposamenetatik aukera bozkatuenak ikuspegi ezberdinetatik aztertzea izan da helburua, hala nola: ingurumena, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, hizkuntzan eragina, ekonomia, arautegia, hirigintza-antolamendua, kalitate urbanoa, eta abar.

Herritarrek bost saio ezberdinetan, Azpiegiturak, Babestu beharreko elementuak, Espazio libreak eta ekipamendu kolektiboak, Jarduera ekonomikoak eta Etxebizitza gaiak landu dituzte. Seigarren saioan alternatiba bozkatuenak aztertu eta eremuz-eremuko balorazioak egin dituzte. Hiru aukera bozkatuenak hirigintzaren garapenari dagokionez, Adifeko trenbide gunearen garapena (trenbidea N1 errepidea dagoen lekura mugituz), egungo plan orokorrak dioena betetzea, alegia, eremu eraikigarrietan egin behar diren etxebizitzak egitea (Ugartemendi, Arizmendi eta beste eremuak) eta azkenik alternatiba bat bera ere ez aukeratzea izan dira.

Orotara hogei eta hogeita hamar pertsona inguruk hartu dute parte saioetan. Alternatiba ezberdinei buruzko argudio eta iritzi interesgarriak atera dira prozesuan zehar. Prozesua aurrera eramateaz arduratu den Sabai arkitekto taldeak adierazi duenez, iritzi anitzak eta zentzuzkoak bildu dira.

Etorkizuneko Beasain eraikitzen

Udal gobernuak legegintzaldi honetan eman ditu bere lehen urratsak hirigintza prozesuan eragina izango duten proiektuak abian jarriz. Aukeretako bat Adifen trenbide gunea herrian txertatzeko aukera aztertzea izan da. Azken hilabeteetan aukera hori aztertu ahal izateko bilera eta gestioak egin dituzte udal agintariek Adifek Madrilen eta Bilbon dituen egoitzetan eta horren ondorioz trenbide gunearen aldaketari buruzko informazio azterlanerako esleipenaren baldintzak argitara eman ziren.

Epe motzean aldiz Ezkiaga auzoko Porteria deituriko eremua berrurbanizatzeko pausoak eman ditu Udalak. Egun batzuk barru berriro bilduko dira CAF, URA agentzia eta Udala Porteria eremua eraisteko lanei argi berdea emango dien hitzarmena lotzeko. Horren  ondoren eraikuntza eraistean ibaia zabaldu eta uholdegarritasun arriskua jaisteaz gain eremu horretan norabide bikoitza (trafikoan) berreskuratuko da bidegorria eta espaloiak berregokituz.

Beasaingo Udalak Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (H.A.P.O.) idazteko prozesua joan den azaroan abian jarri zuen eta herritarrekin batera biharko Beasain nola garatuko den marraztuko duen dokumentuaren lehen urratsa da, udalerri eroso, atsegin, irisgarri eta pertsonei egokitua.

Hurrengo pausoak Plan Orokorrari dagokionez hauek izango dira; martxoan dokumentuaren aurrerakina argitara emango da. Apirilean aurrerakina azaltzeko saio irekiak egingo dira eta jendaurreko erakusketa eta iradokizunak aurkezteko epea maiatza, ekaina eta uztaila bitartean luzatuko da. Prozesuan bildutako informazio guztia Besaingo Udalaren web-ean kontsultatu daiteke.