Legegintzaldiaren hirurtekoa bete denean orain arte egindakoari aipamena eta burutzeko dauden egitasmoen errepasoa egin du Udal gobernu taldeak

Pertsonak, euren ongizatea eta nortasuna dira azken batean egitasmo guztien jomuga Udal gobernuaren eguneroko eginahalean

Udal gobernua osatzen duen lan taldeak aginte aldian egindako hiru urte hauetan egindakoari errepasoa egin dio eta legegintzaldia amaitzeko geratzen den urtean, egiteke geratzen diren egitasmoak azaldu dute.

Pertsonak, herritarrak, gizartea osatzen dutenen ongizatea eta hauen nortasuna dira udal gobernuaren lehentasunen zutabe nagusiak. Hori horrela, Aitor Aldasoro alkatea bere lan taldeaz inguraturik aurrera eraman diren eta legegintzaldiaren azken urtean aurrera eramango diren eginkizun eta proiektuen berri eman du.

Lanak bizi kalitatean duen eragin zuzenagatik eta pertsonak duintzen dituelako enpleguan eta ekonomian orain arte aurrera eramandako egitasmoak zerrendatu ditu alkateak. Enplegua eta formazioa erabat lotuta daude, horregatik lan munduan pertsonak txertatzeko ahalegin berezia egiten jarraitzen du udal gobernuak arlo honetan. Enplegu eta ekonomiarekin lotura, pertsona ekintzaileak, izango ditu helburu. Horretarako  Coworkingerako diru laguntzak onartu berri dira, enpresa berriei enplegu sorreran duten eraginagatik bidegile hauei laguntzeko.

Euskararen erabilerak kezka eragiten jarraitzen du eta tinko jarraitzen du gai honek legegintzaldiko azken urteari begira, egitasmoen zerrendan. Berriki, herritar gazte gehienengan euskararen erabilera indartzeko, herriko bi kirol taldeekin (BKL eta Beasain KE) eta Eusport enpresarekin helburu hau lortzeko lankidetza hitzarmena sinatu du berriki. Euskaraldira ere atxikitu da Udala euskararen nazioarteko egunaren inguruko dinamikan sartuz.

Elkarbizitzaren arloan, herri parekideago baten alde, Herrilab proiektu pilotoa abian jarri da oraintsu Beasainen kontziliazio erantzunkidea sustatzeko.

 Zerbitzuen alorrean txalogarria da herritarrek zaborren banaketan egiten duten lana. Gaur da eguna, bosgarren edukiontzia jarri zenetik azken datuen arabera, zaborren %78 banatzea lortu dela Beasainen, inoiz izan den tasarik altuena.

Herri atsegin, eroso eta irisgarriagoa

Hirigintza proiektuetan ere pertsonak dira ardatz. Lehentasuna da beasaindarrei egokitutako herria egitea, oinezkoei lehentasuna emanez. Izan ere helburua, herri atseginago, irisgarriago eta erosoagoa izatea da eta. Aurten burutu diren lanak horretara zuzenduak izan dira. Nekolalde kaleak eskatzen zituen berritze lanak amaitzear daude eguraldiak lagundu ez duen arren eta lanak berme osoz burutu direla ziurtatu nahi izan da arazorik egon ez dadin etorkizunean.

Hezkuntza zentroetan egiten hasitako konponketak amaituko dira urte honetan. Lehentasunak eta irizpideak finkatze aldera, EAT (Eraikinen azterketa teknikoa) adierazitako beharrak Alkartasuna Lizeoko fatxada hainbat konponketa burutu dira eta laster amaituko dira. Eusko Jaurlaritzan egindako gestioei esker hezkuntza sailak hartu zuen bere gain lanen kostu osoa, 600 mila euro inguru.  

Aginte aldiaren azken urte honetako lan aipagarrienak hasita edo hastear daudenak honakoak izango dira; Martin Aranburu eta Zapatari kaleetan aparkaleku kopurua handitzea ekarriko duten lanek bide batez zerbitzu sarea berritzeko balio dute eta nola ez bizilagunen mesederako irisgarritasuna eta erosotasuna ekarriko dute.

Herria zeharkatzen duen ardatz osoari lotura emanez, oinezkoei lehentasuna emateko helburuarekin eta zenbait herritarrekin egindako hausnarketa prozesuko emaitzei jarraituz, Erauskingo gunea oinezko bihurtuko da herritarrentzat elkargune berria sortu eta bertako merkataritza sustatzeko. Lanak udan hasiko dira eta urte amaierarako amaituta egotea espero da. 

Aurten ere gauzatuko ditugun beste proiektu garrantsitsu batzuk: Igartza Oleta kalearen norabide bikoitza ahalbideratuko duen lanak egingo dira (boladizioa, ibai gaineko hegala) herri sarreran, Usurbe antzokiko egokitzapen eta segurtasun lanak eta  Dolarea parkea egokitzeko lanak izango dira.

Herri nortasuna eta elkarteekin elkarlana

Kultur arloan, Beasain euskaldunagoa egiteaz gain herri nortasuna eta izaera sendotu eta herritarrengan txertatzea da helburua. Kultur elkarteekin egindako bidean, beharrak atzeman eta hauei konponbidea ematea izan da arlo honetako lehentasuna. Beasain kultur sustatzaile eta erreferente bilakatzeko asmoa ere gauzatu nahi da.

Dantzan.eus elkartearekin egindako hitzarmenaren baitan aurten Beasain euskal dantzaren erreferente bihurtzeko eta euskal dantza herrian errotzeko proiektua jasoko du Udalak. Hau Udalarentzako iparrorratza izango da zein egitasmo eta eginkizun martxan jarri behar izango dituen jakiteko aipatu helburua gauzatu ahal izateko.

Azpiegitura egokiak herritarren eskura

Beasaindarren bizi kalitatean eragiteko ezinbestean ohitura osasuntsuak sustatzea beharrezkoa da, kirol praktika bultzatzea eta herritarrei kalitatezko azpiegiturak eskaintzea dira helburu garrantzitsuenetako batzuk.

kiroldegiaren kudeaketa egokirako konpromisoak hasiera batetik finkatu zituen Udal gobernuak. Kiroldegiaren finantziazio oreka lortu ahal izateko 2013an energia aurrezteko bete gabe zeuden konpromisoak berreskuratu eta bete ditu eta bestetik bazkide berriak lortzeko baino daudenak egonkortu edo fidelizatzeko helburua ezarri du.

Horretarako azpiegiturak berritu, txukundu eta eguneratuak eta erakargarriak izateko inbertsioak egin eta egingo dira. Egiteko aurreikusita daudenak alderdi sozialistak proposatutako gimnasioaren birmoldaketa dago aurten burutuko dena. Kanpoko Igerilekuetako belar artifiziala laster estreinatuko da udako denboraldiarekin batera.

Zahartze aktiboari garrantzia

Lehentasunezkoa da pertsonen ongizatea bermatzea eta hobetzea. Hori dela eta, udaletik martxan jarri diren egitasmo guztiek izan dute helburu  pertsonen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea.

Gizarte ongizateak bi ekinbide nagusi ditu, dauden zerbitzuen eskaintza eta aukerak etengabe hobetzea eta beste aldetik eta oso garrantzitsua zerbitzu guzti hauek herritarrei euren eskura daudela jakinaraztea.

Zahartze aktiboari garrantzi berezia ematen jarraitzen zaio, izan ere, gero eta helduagoa den gizarte baten aurrean gaude eta behar beharrezkoa da  adineko pertsonen ongizatea bermatzeko eta beren bizi kalitatea hobetzeko neurriak hartzea, prebentzio mailan batetik, eta asistentzia mailan bestetik.

Goiz Zaindu egitasmoa jarriko da martxan agintealdi honen azken urtean, Alzheimerraren hautemate goiztiarrerako Goiz Alzheimer proiektuaren ondotik dator Goiz Zaindu, hain zuzen ere gaixotasunari aurre egiteko programa, ohitura osasuntsuetan oinarritzen dena eta beasaindarren artean martxan jarriko dena bere eraginkortasuna aztertu ahal izateko.

Honen osagarri, Andromeda deituriko proiektua ere jarriko da martxan.  Zahartze aktiboari eta prebentzioari lotuta, aurten martxan jarriko den  proiektu berritzailea da.  Zentzumenen estimulazioa eta pertsona helduen narriadura prebenitzeko ohitura osasuntsuak pertsona helduengan ezartzean datza eta kirola egitean oinarritzen da.

Azkenik, orain gutxi lortu da Udalak egindako gestioei esker, Eusko Jaurlaritzak Ezkiaga auzoan botikina jartzeko eskaerari baiezkoa ematea. Irailean espero da horren ardura izango duen farmazia zein izango den jakitea eta horren ondotik jakin ahal izango da noizko irekiko den.