Edorta Diaz del Riok martxoan utzi zuen bere zinegotzi kargua lan arrazoiengatik eta berak utzitako lekua beteko du

Goierri Gorri klubari izendun diru laguntza zuzena ematea onartu zen emakumezkoan kirola gizonezkoen pare jartzeko ematen den babesari dagokionez

Arantxa Zufiaurre Goikoetxea da Udal gobernu taldeko zinegotzi berria. Atzoko Udalbatzak burututako osoko bilkuran zin egin zion bere karguari eta honela martxoan bere kargua utzi zuen Edorta Diaz del Rio ordezkatuko du. Edortak orduan, lan arrazoiak medio bere kargua utzi behar izan zuen. Arantxa Zufiaurrerekin honela, Udal gobernu taldea sei emakumezkoekin eta hiru gizonezkoekin osatua geratzen da.

Maiatzeko Udalbatza osoaren bilkurak utzitako gai garrantzitsuenen artean, Goierri Gorri emakumezkoen futbol klubari izendun diru laguntza emateko erabakia egon  da. Aukera berdintasunean oinarrituta, kreditu aldaketen atalean onartu den transferentzia izan da. Berdintasun sailetik bideratuko den diru laguntza izango da baina kasu honetan izenduna izango da Goierri Gorri futbol taldeari zuzenean zuzendua izango delako. Orotara 7.000 euro izango dira neskei kirolean eta kasu honetan futbolean jarduteko gizonezkoek duten aukeren pare jarri daitezen.

Onartu ziren beste gaien artean datorren ikasturterako Musika Eskola eta Euskaltegiko tasei hasierako onespena ematea izan zen, honela urteko KPIa igotzea onartu zen. Udalak dituen ondasunen inbentarioren eguneratzea onartu zen,  Igartza Monumentu Multzoa erabiltzeko araudia bertan behera uzteko proposamen onartu zen bere kudeaketa esleitzeko argitaratutako pleguetan barneratu direlako eta Pirinioetako burdinaren bidea elkartean Beasaingo ordezkaria Xabier Matarranz izendatzeko erabakia ere aurrera atera zen. Honekin batera Beasaingo Udala eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren arteko hitzarmena ere onartu zen material eta hautaketa prozesu bateratuen kudeaketarako eta azkenik Euskaltegiko Fundazio Batzordeko erabakia ere berretsi zen, honela zuzendariaren izendapenari dagokionez, Mari Paz Martinek 2019ko abendu arte jarraituko du eta orduan Marian Toledok ordezkatuko du.