(Eguneratua 2020/04/06 16:22) Duela gutxi jakin da koronabirusak kutsatutako bostgarren herritarra hil dela Arangoiti adinekoen egoitzan. Asteburu honetan, 86 eta 88 urteko bi pertsona hil dira gaixotasunak kutsatuta eta aurretik hildako bieikin bost dira guztira orain arte zendutakoak. Azken hiru egunetan jarraian hildako bana izan dira beraz. 

Orain arte egindako proben arabera, koronabirusaz kutsatutako hamar kasuetatik erdiak hil dira. Gainerako bost pertsonetatik bi Donostian daude (bat Donostiako Ospitalean eta bestea Gurutze Gorrian) eta beste hirurak Arangoitin isolamendu egoeran. Egoitzako langileei dagokionez, lau dira positibo eman dutenak, eta horietatik bi lanera itzultzear daude.

Beasaingo Udalak, orain arte egin duen bezala, kandela pizte herrikoia egitera gonbidatzen ditu herritarrak gaur 21: 00etan, herrian koronabirusaren ondorioz hildako azken hiru pertsonen oroimenez.

Osasun alerta eta alarma egoerak dirauen artean egoitzako bisita-erregimenak itxita jarraitzen du eta osasun-agintariek kasu hauetarako protokoloak agindutako isolamendu-neurriak mantentzen dira.