Familiek opor garaian kontziliaziorako duen beharrari erantzunez udalak martxan jarriko du beste behin zerbitzu hau

Udalekuetan izena emateko epea maiatzaren 19tik 30era egongo da zabalik 

Eskola ikasturtea amaituta opor garaian kontziliazioan lagunduko duen udaleku zerbitzua eskaintzea da Udalaren helburua. Familiek eta hezkuntza-komunitateak udalarekin mantentzen duten elkarlanari esker, behar zehatz honi erantzunez antolatu dira aurten ere udaleku irekiak. Kontziliazioa erraztuz, gizonen eta emakumeen artean arduren banaketan eragin eta berdintasuna bultzatzeko helburu honi, euskararen ezagutza eta sustapena batzen zaizkio. Izan ere udaleku irekiak euskaraz izango dira. 

Aurtengo udaran egingo diren udaleku irekiak, ekainaren 22tik uztailaren 21era bitartean burutuko dira, astelehenetik ostiralera goizeko 10:00etatik 13:00ak arte Murumendi eskolan. Haurrek udan ere aukera izango dute euskaraz bizi eta ondo pasatzeko. LH1 eta LH5 maila artekoek (biak barne) parte hartu ahal izango dute. 

Izen ematea zabalik

Udaleku irekietan parte hartzeko aurretiko izen-emateko epea maiatzaren 19tik 30a arte (biak barne) egongo da zabalik eta esteka honen bidez egin ahal izango da. Izena emateko epea amaitu ondoren, izena eman duten adingabeen kopurua eskainitako plazena baino handiagoa bada, maiatzaren 31n egingo da plazen zozketa aurrez izena emandako pertsonen artean. 

Onartuak izan diren familiak mezu bat jasoko dute ekainaren 1ean eta matrikularen ordainagiria aurkezteko epea ekainaren 9a arte izango da. Kostua 112 eurokoa izango da. Ekintzen jarraipena egokia izan dadin, parte-hartze jarraitua eskatzen da. Elkarbizitza edo lankidetzako arauak behin eta berriz ez betetzea, udalekua uzteko arrazoia izango da. Edozein zalantzatarako, idatzi Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera edo deitu 943 08 76 63 telefono zenbakira.