Udalak, Beasaingo kultur usadio zaharrak indartzeko konpromisoari eutsiz berreskuratu zuen Astigarreta auzoko San Gregorio ermitako erromeria duela bi urte

Baselizara iristeko Mandubia gaineko aparkalekutik abiatzen den bidea egin behar da oinez eta zailtasunak dituztenentzat ibilgailu zerbitzua jarriko du aurten ere Udalak

            Hirugarrenez ospatuko da hamarkadetan galdua egondako Astigarreta auzoko San Gregorio ermitako erromeria. Udal gobernuaren helburu eta konpromisoetako bat zen euskal usadio honen berritzea eta 2016an berreskuratu zen antzina galdutako erromeria-eguna. Aurten uztailaren 22an errepikatuko da tradizioa.

            Astigarretako auzotarrak dira erromeria-egunaren antolatzaileak. Egitaraua honela osatu dute; 11:30tan txalapartariek emango diote hasiera jai egunari. Eguerdiko 12:00etan meza izango da ermitan. Ondoren 13:00etan, salda eta pintxoak eskainiko dira bertaratzen direnei. Bitarte horretan, Beasaingo Musika Eskolako trikitilariek girotuko dute egonaldia. 14:00etan bazkaltzeko ordua iritsiko da eta horretarako bakoitzak berea eraman beharko du. Bazkal ondoren egunari jarraipena emanez erromeria izango da aipatutako trikitilariekin 19:00ak bitartean.

San Gregorio ermitaraino oinez iristeko, Mandubia gaineko aparkalekutik abiatzen den bidea hartu behar da. Udalak orain arte bezala, ibilgailu zerbitzua jarriko du oinez ibiltzeko zailtasunak dituztenentzat. Ibilgailuak hartzeko ordua goizeko 11:00etan izango da Mandubia gaineko aparkalekutik.

            Ohituraz, penteskostes ondoko bigarren egunean egiten zen erromeria San Gregorio ermitan. Joan den mendean gutxienez bi berrikuntza izan zituen Astigarreta ondoan Mandubiatik Murumendira doan bidean kokaturiko baselizak. 1951ko agorraren 23ko argitalpen batean jasota dago gertakizun hau. Berritu eta edertzen lagundu zutenei banatu zitzaiena. Eta ondoren 1993an Beasaingo gazte talde batek ere uztailean Udalaren laguntzaz berritu zuen ermita erortzear zegoela eta. Aipatu bezala azken berrikuntza lanak iaz bukatu ziren, teilatua berritzeaz gain, barruan aldarea eta ormak margotu eta txukundu ziren.

Euria egingo balu, Astigarreta auzoan burutuko da erromeria.