Dirulaguntzak banatzeko oinarriak behin argitaratuta eskaerak elektronikoki edo udaletxean egin daitezke 

Udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako sektoreak suspertzeko udal-laguntzei buruzko oinarriak argitaratuta eskaerak egiteko epea irekita dago. Honela eta Covid 19ak eragindako pandemiaren ondorioz, Beasain eremu gorrian egoteagatik establezimenduak ixtera behartu dituzten ostalariek eskaerak bideratu ditzakete. 

Eremu gorrian egoteagatik itxita egon diren negozioei

Pandemiaren eraginez udalerriko ostalaritzako aktibitatea itxita egon den hilabete bakoitzeko (osoa ez dena proportzioan) langileen arabera dirulaguntza hauek jaso daitezke: 1.000 euro langile bat, bi edo hiru dituzten aktibitateentzat. 1.200 euro lau, bost edo sei langile dituzten aktibitateentzat eta 1.400 euro 7 langile edo gehiago dituzten aktibitateentzat. 

Udalak  150.000 euroko kreditua aurreikusi du laguntza hauetarako. Dirulaguntza honetarako emango den gehienezko kopurua establezimendu bakoitzeko 3.000 eurokoa izango da. Eskaerak egiteko epea maiatzaren 30a arte dago irekita.

Merkatal sektorea biziberritzeko laguntzak

Udalak merkataritza sustatzeko duen interesaren baitan (batez ere Jose Migel Iturriotz kaleko merkataritza), merkatariei edo saltokia ireki nahi dutenei zuzendatuko laguntzak banatuko ditu. Helburua merkataritza sektorea biziberritzea da, hutsik dauden lokalak martxan jartzeko laguntzak emanez eta eskualdatzen denean negozioen jarraipena bultzatuz. 

Lokal huts batean merkataritza-jarduera bat abian jarri den edo martxan dagoen negozioa transmititu nahi duen pertsonak bete behar dituen baldintzak eta betekizunak zehazten dituzte oinarriek. 

Establezimendua alokatuz gero, gehienez lehen hiru urteetako alokairu-gastuak diruz ordainduko zaizkio. Lehenengo urtean alokairu gastuaren %50, gehienez ere 300€ hilean. Bigarren eta hirugarren urtean alokairu gastuaren %40, gehienez ere 200€  hilean.  

Establezimendua erosiz gero, dirulaguntza Katastroko balioaren %4 izango da, gehienez ere 2.000€. Laguntza hauek iaz jarri ziren martxan eta lau eskaera jaso ziren guztira 9.500 euroko kopurua banatuz. 

Lehentasuna Jose Migel Iturriotz kalean hutsik dauden lokalek eta negozioek badute ere udalerrira osora irekita daude laguntzak. Eskaerak egiteko epea urriaren 30a arte dago irekita. 

Errotuluak, irudi korporatiboa eta webak euskaraz 

Merkataritzan hizkuntza paisaia euskalduntze aldera, eta gaztelaniaz dauden errotulu nagusia eta irudi korporatiboko elementuen kopurua jaiste aldera banatuko diren laguntzak dira.

Errotuluen kasuan, dirulaguntza kostuaren %50 izatea, gehienez ere 240 euro izatea.

Irudi korporatiboen kasuan, testua euskara hutsez jarriz gero, kostuaren %50 ordainduko du Udalak eta dirulaguntza gehienez ere 180 eurokoa izatea.

Web-orria euskara hutsez eginez gero, kostuaren %50 izango da dirulaguntza, eta gehienez ere 450 euro. Web-gunea euskaraz eta beste hizkuntza batean/batzuetan egonez gero, kostuaren %40 izango da dirulaguntza, eta gehienez ere 360 euro. Eskaerak urriaren 1a arte aurkeztu daitezke.