Osasun agintariek emandako aginduaren aurrean, Udal arduradunek udalekuak bertan behera uzteko erabakia hartu dute 

Azken aste honetan covid-19ak eragindako kutsatu kopuruen gorakadak eraginda, Osakidetzako osasun agintariek udalek antolatutako Udalekuak bertan behera uzteko agindua zabaldu dute. Birusaren berragertzeak gaixotasuna zabaltzeko arriskua areagotu du eta pertsona ahulenak babesteko hartutako erabakia izan da. 

Honela bada, bihar uztailak 20, Udalak antolatutako udalekuen hirugarren txanda hastekoa bazen ere, ez da honela izango eta amaitutzat eman dira aurtengo udalekuak. 

Bihartik aurrera eta argibide gehiago emateko, udalekuetako antolatzaileak hirugarren txandan parte hartu behar zuten haurren guraso edo tutoreekin jarriko dira harremanetan. 

Familien Kontziliazioan laguntzeko udal ekimena 

2020ko udalekuen antolaketak aurretik egin den elkarlan batean du bere jatorria. Beasaingo guraso zein haur eta gaztetxoei zuzendutako ekimenak modu bateratuan antolatu eta bultzatzeko, Udalak Alkartasuna Lizeoa, Andramendi Ikastola, La Salle ikastetxea eta Murumendi eskolako Haur eta Lehen Hezkuntzako guraso elkarteekin hasi zuen elkarlana duela urtebete. 

Lankidetza horretatik eratorri da udaleku irekiak antolatzeko egitasmoa behar zehatz bati erantzunez; covid 19ak eragindako salbuespeneko egoera honetan, eskola ikasturtea amaituta opor garaian kontziliazioan lagunduko duen udaleku zerbitzua eskaintzea.

Udala eta guraso elkarteen arteko harremana, epe luzera begira hasitako elkarlana izan da eta helburua herriko ikastetxeetako hezkuntza-komunitateak elkartzea, behar komunak aztertzea eta horiei erantzuna ematen saiatzea da. Udalak hori guztia babestu eta bideragarria egiten lagunduko du. 

Txilibutxof Aisialdi taldearekin Udalak duen elkarlanari esker Urbieta etxeko aretoa utzi zaio beraien funtzionamendurako eta antolaketarako. Oraingo egitasmoa udalekuak antolatzea izan bada ere, aurrera begira euskara eta aisialdia uztartuz Txilubutxofen dinamika indartzea aprobetxatuz elkarlanerako aukerak aztertzen jarraituko dituzte bi aldeek.