Jaiak bertan behera geratu baziren ere, datozen egunotan erantzunkizunez, errespetuz eta egoerak eskatzen duen tamainan erantzungo dutela herritarrak espero du Udalak

Orain arte beasaindarrok erakutsi dugun jokaera hein handi batean zuzena eta txalotzeko modukoa izan da. Pixkana, osasun alertak eragindako konfinamenduaren leuntzean sartu garenez, norberaren ardura eta konpromisoarekin jarraitzea ezinbestekoa da. Horregatik Beasaingo Udalak herritarrei orain arte bezala alarma egoerak ezarritako arauak errespetatuz jarraitzeko deia egiten die. 

Jakina da duela hilabete koronabirusak behartuta Loinatz jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu zuela Udalak. Orain, eta kalera irtetzeko baimena murritza den arren, jai gogoz dago jendea. Horren aurrean, Udalak orain arte lortutakoari tinko eusteko mezua zabaldu nahi du. Alarma egoerak bere horretan jarraitzen du eta Udalaz gain ezarritako aginduak indarrean jarraitzen dute. Horregatik, guztion ardura da arauak betetzea. Denon esku dago alarma egoera honetatik irtetzeko bidean aurrera egitea.

Komeni da ez ahaztea duela gutxi, gaixotasunak eraginda bizi izan genuen egoera gordina. Hori horrela, datozen egunetan eta asteburuan bereziki sor litezken egoerei aurrea hartuta, Udalak gogorarazten du jende pilaketak saihestu behar direla eta arauek diotena jarraituz, gaueko 23:00etarako herritarrak etxean egon behar dugula. 

Honi lotuta, herritarron arteko bizikidetza eta errespetua mantentze aldera, orduz kanpo etxebizitzetan neurrigabeko zarata eta soinurik ez egitea eskatzen da. Konfinamendu egoera honetan gehien sufritzen ari direnei begirunea izatea giza legez jokatzea bait da.  

Beasaingo bandera balkoian

Loinatz jairik ez da izango ezagutzen diren moduan jende pilaketarik ezin delako eman. Dena den, han hemenka herriko elkarte eta eragileen eskutik, etxeetan eta balkoietan Loinatz jaiak ospatzeko ekimenak antolatzen badabiltza. Beasaingo Udalak jaien datak izan behar luketenak nola edo hala gogoratzeko, Beasaingo banderaren irudiak salgai jarriko ditu 5 euroan Bareak merkatarien eta ostalarien elkarteko establezimenduetan eta bildutako diruaren zati bat elkartearentzat izango da. Larunbat honetan goizean 13:00etatik 14:30era eta arratsaldean 17:00etatik 19:00etara Udaletxeko arkupetan salgai jarriko dituzte.