Eskola Agenda 2030eko urteroko Udal audientzian, energiaren gaia hainbat ikuspuntu ezberdinetatik aztertu eta konpromisoak hartu dituzte ikasleek eta udal agintariek

Beasaingo ikastetxeetako haur eta gazteek Agenda 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuak landuta, aurkitu dituzten arazoak eta alternatibak aurkezten izan dira Udaletxean. Horiek entzuten eta erantzuten, Leire Artola alkatea eta Adur Ugartemendia Lurraldea saileko batzordeburua izan dira, ikasleek egindako proposamenei Udalak abiarazi dituen ekimenak eta hartu dituen neurriak azalduz.  

Honela bada, urteroko udal audientzian, udal agintariak eta herriko bost ikastetxeek ingurugiroaren alde egiteko, helburuak eta ekimenak jarri dituzte mahaigainean. Eskola Agenda 2030ean Beasaingo 5 ikastetxek parte hartu dute eta Lehen Hezkuntza, eta Bigarren Hezkuntzako 54 ikasle bertaratu dira udaletxera.

Energia, bizitzaren motorra

Ikasturte honetan, Garapen Jasangarriko Helburu berri (GJH) bat landu dute, zazpigarrena, “Energia, bizitzaren motorra”. Energiaren gaia hainbat ikuspuntu ezberdinetatik jorratu dute: energia kontsumoak, energia berriztagarriak, pobrezia energetikoa, klima aldaketa… 

Martxoaren 28an ikastetxe guztietako ikasle ordezkariak Eskolarteko Foroan bildu ziren Udaletxean eta ondorioak eta hurrengo ikasturtean aurrera eramango dituzten ekintzak adostu zituzten. Gaurko audientzian bertan egindako lana aurkeztu dute. 

Ikasleen ondorioak 

Ikasleek aurkezpenean, atera dituzten ondorio esanguratsuenak azaldu dituzte: garaiko eta tokiko produktuak gehiago kontsumitu behar direla. Erabilera bakarreko produktu gehiegi erabiltzen direla era bai, besteak beste, plastikozko poltsa gehiegi.

Energia gastuaren inguruko kezka ere badago. Etxean ditugun energiaren kontsumorako kontratuak ez ditugu ulertzen eta fakturak ez dakizkigu irakurtzen eta interpretatzen. Energia berriztagarriak soilik erabiliz ezin diogu Beasaingo udalerriak duen energia eskari handiari erantzun, eta ondorioz energiaren kontsumoa murriztu egin behar da. 

Pobrezia energetikoaren inguruan, herritar batzuk hotza pasatzen dutela neguan eta adin nagusiko pertsonak eta bereziki emakumeak direla gabezi hau pairatzeko arrisku gehien dutenak. 

Konpromisoak elkarlanean

Ondorio hauei konponbidea aurkitzeko hainbat proposamen eta konpromiso ere aurkeztu dituzte ikasleek zein Udalak. Garaiko eta bertako produktuen kontsumoa handitzeko azoka sustatzeko kanpainak martxan jartzea eskatu dute. Honi erantzunez, garaiko eta bertako produktuekin hamaiketakoak prestatzeko baliabideak eskainiko dira; azokan erosketak egin eta hamaiketako osasuntsuak prestatzeko errezeta ezberdinak egingo dira. Bestalde, azokan erosketak egin ondoren deskontu bonuak diseinatuko dira. Ikastetxeek eta Udalak ekintza hauek elkarlanean martxan jarriko dituzte. 

Energiaren inguruko tailerrak antolatzea eskatu da eta Udalak azken urteetan Argitu izeneko hitzaldiak antolatu dituela herritarrentzat azaldu dute udal ordezkariek. Tailer hauetan ondorengo gaiak landu ziren: argindarraren faktura ulertzea, energia eraginkortasuna, komunitate energetikoak, eta energia kit-ak banatu dira. 

Baina tailer hauek eskoletan eskaintzeko ez dira oso egokiak eta orduan, Udalak energiaren inguruan aurrera eramaten ari den ekintzen informazioarekin aurkezpen bat prestatuko du eta hau aurkeztera ikastetxe guztietara joateko konpromisoa hartu du.

Energia bulegoa sortzea eskatu da eta  bulego honetarako informazioa eta marketing-a ikasleek sortzeko proposamena egin dute. Udal arduradunek aipatu dute Goierriko eskualdean energia bulego bat martxan jartzeko asmoa badagoela. Bulego honetan hainbat ekintza martxan jarriko dira baina lehena, pobrezia energetikoa pairatzen duten familiei laguntza ematea izango da.

Datorren ikasturtean adostu diren ekintzak, ikastetxeekin, Udalarekin eta erakunde ezberdinekin elkarlanean martxan jartzeko konpromisoa hartu da. Denen aldetik energia kontsumoan arduratsuagoak izateko konpromisoa ere hartu da, hala, ahalik eta energia gutxien kontsumituz behar ez detenean aparailuak, argiak eta abar itzaliz, autoa beharrezkoa denean bakarrik erabiliz eta txirrindu eta patineteen erabilera sustatuz. Horretarako Udalak berriki jarritako aparkalekuak balioan jarri ditu eta gehiago beharrezkoak balira ere jartzeko konpromisoa hartu du.   

udal audientzia agenda 2030 20230509 1

udal audientzia agenda 2030 20230509 3