Beasaingo Udalak bertako azoka eta sasoiko produktuen ezagutza gaztetxoen artean zabaltzeko lanketa egin du herriko ikastetxeekin elkarlanean

Ekoizle eta adituen eskutik, bertako eta garaian garaiko elikagai osasuntsuak kontsumitzeko ohitura hedatzea da helburua

Azokara hurbilduz, gaztetxoak eta familiak azoka eta bertako produktuak ezagutzeko helburuz, bisita gidatua antolatu du Beasaingo Udalak herriko ikastetxeekin lankidetzan. Hartara, gaur asteartea izaki, La Salle eta Andramendiko ikasleak izan dira ekimen honetan parte hartzen. 

Bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoaren garrantzia ezagutaraztea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada asmoa. Hartara, azoka sustatzeko ekintzen baitan Udalak ikastetxeekin elkarlanean antolatutako ekimenaren lehen saioa gaurko astearteko azokan.

Azoka eta elikagaien inguruko lanketa

Elikadura eta osasun heziketa kontziente eta iraunkorraz aritzen den Orekan enpresako Amaia Aierbe eta azokako ekoizlea den Josetxo Mendia izan dira ikasle guztien gidari. Ekitaldiari hasiera eman zaio azokaren inguruko aurre lanketa batekin. Udal ordezkarien aurkezpenaren ondotik, azokari buruzko kontzeptuen ezagutzaren gaineko azalpenak eman dituzte bi adituek.

Jarraian azokara bisita gidatua egin dute ikasle guztiek. Postuz postu, taldeka banatuta zenbait galderen erantzunak aurkitzeko erronka txikiak burutu behar izan dituzte. Ekimenarekin amaitzeko, dastaketa eta azken lanketa egin dute. Azokako barazkiekin betiko eran ez ezik, modu desberdinetan prestatzeko aukera dagoela eta kalabazarekin egindako bizkotxoa probatu eta horren errezeta eman zaie ikasleei. Hamaiketako osasuntsu batekin bukatzeaz gain, azken lanketa etxean egiteko proposamena luzatu zaie; azokako produktuekin errezeta bat egin eta bidaltzen dutenen artean apirilaren 1eko azoka berezian, azokako produktuez osatutako saski baten zozketan parte hartuko dute.

Gaurko ekimenean La Salle eta Andramendi ikastetxeetako ikasleak izan dira. Martxoaren 21ean egingo da hurrengo saioa. Orduan Alkartasuna Lizeoko ikasleen txanda izango da.        

WhatsApp Image 2023 03 14 at 09.57.08

IMG 3679