Udalak herritarrekin eta tokiko elkarte eta mugimendu feministarekin lankidetza estuan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna du jomuga 

Udalerriko eragileekin batera antolatutako egitarauaz gain tokiko emakume erreferenteen aipamenak biltzen dituen bideoa egin da

Martxoaren 8aren inguruan antolatu den egitarauaren aurkezpenean, berdintasunaren aldeko aldarrikapenak aurrera egiten jarraitzeko beste urrats bat emateko konpromisoa berretsi du. Norbanakoen, kolektiboen eta erakundeen arteko elkarlanetik, nork bere eragin-eremutik abiatuta, indarrak batuz eta estrategiak partekatuz helburu bera dutela jomuga adierazi dute; emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea.

Leire Artola Beasaingo alkatea, berdintasun zinegotzia Amets Arrospide, Asmube elkarteko Ana Asla eta Udal Euskaltegiko Marian Toledo zuzendaria izan dira Beasaingo hainbat eragile ezberdinek (Asmube, Oriako Lamiak talde feminista, ikastetxeak, Udal Euskaltegia, Bareak merkatarien elkartea) osatutako egitaraua aurkezten.

Alkatearen iritziz, berdintasun hori lortzeko “ezinbestekoa da emakumeen eguna aldarrikatzen jarraitzea”. Esparru horretan, Eusko Legebiltzarrean Berdintasunerako 4/2005 Legearen Aldaketa onartzeari balioa eman behar zaiola aipatu du, “berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka jauzi kualitatiboa egitea ahalbidetuko duen Berdintasunerako legearen aldaketa delako, zeinak berdintasun-politikak indartzea ekarriko duen, eta, beraz, gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baterantz aurrera garamatzana”. Era berean erantsi du, Udalek herritarrekin eta tokiko elkarte eta mugimendu feministarekin lankidetza estuan helburu horretan sakondu behar dutela. 

Egitarau oparoa eta emakume erreferenteak

Amets Arrospide berdintasun zinegotziak, egitarauan barneratu diren ekimenak xehetu ditu. Arlo askotarikoak dira; erakusketa, ipuin kontaketa, sariketa, zine emankizunak, bisita gidatua, ikastaroa eta abar. Ekitaldi nagusia martxoaren 8an egingo den elkarretaratzea izango da Erauskin plazan 19:00etan. 

Gaur irekiko den erakusketaren inaugurazioak emango dio hasiera egitarauari; 17:00etan Igartzako jauregian Asmube elkartearen jardueren erakusketa irekiko da eta martxoaren 20a arte egongo da ikusgai.

Martxoaren 7an Sorgina Txirulinaren ipuin kontaketa “Emakume paregabeak” eskainiko da 17:00etan udal bibliotekan. Saio honetarako sarrerak eskuragai daude bibliotekan bertan. Egun berean 17:30ean, Udal Euskaltegiak antolatutako M-Lehiaketaren sari ematea egingo da eta Gema Arrugaetaren eskutik hitzaldia eskainiko da Igartzako jauregian. 

Emakumeen Nazioarteko egunean, martxoak 8, Loinazko San Martin plazan herriko ikastetxeekin “8 arlo, 11 emakume” ekitaldia izango da. Hurrengo egunean martxoaren 9an, Zinegoak film laburren proiekzioa izango da Igartzako jauregian 19:00etan. Egitarauko ekitaldiekin amaitzeko, martxoaren 14an, “Zoru pelbikoa indartzeko” ikastaroaren hasiera izango da. Izena emateko eta informaziorako Udaleko berdintasun sailarekin jarri behar da harremanetan (Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. edo 943 087663 telefono zenbakian). 

Emakume erreferenteen inguruan, berdintasun sailak 8 arlo ezberdinetako emakumeen testigantzak eta hauen erreferenteen bilketa egin du bideo batean eta Beasaingo Udalaren webeko parekide atalean zintzilikatu du. Ikusleek beraien emakume erreferentea zein den aipatzeko aukera dute aurkezpen honen amaieran.