Oinarrizko segurtasun eta osasun baldintzak bermatzen direla ziurtatzeko lokalen erregistro eguneratua edukitzea da helburua eta horretarako Igunean egin beharko da eskaera

Gazteen topagune gisa erabiltzen diren lokalak arautzeko eta oinarrizko segurtasun eta osasun baldintzak betetzen direla bermatzeko, gutxieneko ekipamendu batzuk eskatzea beharrezkoa ikusten du Udalak. Hartara, egun udalerrian dagoeneko irekita dauden edo irekitzear leudeken lokalen erregistro eguneratua izatea beharrezkoa da eskatzen diren baldintzak betetzen direla bermatzeko.

Gazte lokalen erregistroa lagungarria izango da gazteek lokalak erabiltzeko aukera izan dezaten eta bizilagunekin eta orokorrean herritar guztiekin elkarbizitza egokia bermatzeko. Horretarako lokaletako ordezkariak Igunera (herritarren informaziorako udal bulegoa) jo beharko dute baimen-eskaera egitera. Baimena beharrezkoa izango da aisialdirako lokala eduki ahal izateko. 

Gutxieneko baldintzak

Gazte lokalen ordenantzari egindako azken egokitzapenaren arabera aisialdira bideratutako lokal hauetan elektrizitatea, kalefakzioa eta aireztapena egokia dela ziurtatuko dela bermatuko da. Komuna izan beharko du eta ezingo da sukaldatu eta gutxienez bi su-itzalgailu egon beharko dira.  

Jarduerari dagokionez lokal barruan bakarrik gauzatuko da eta ez kalean edo bide publikoan. Beraz, ezin da gune publikoa okupatu aulkiekin, mahaiekin edo antzekoekin; ezingo da jendea bildu edo batu lokalaren kanpoko aldean eta beti libre utziko dira sarbideak eta ateak. 

Lokalera sartzerakoan edo handik irteterakoan elkarbizitza eta auzoko jendearen atsedena apurtuko duen zaratekin kontu handia edukiko da. Erabilera-ordutegia honako hau izango da: lokalean ezin izango da jarduerarik egon goizeko 10ak baino lehen. Ixteko ordutegia 22:00etan izango da. Ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperetan ixteko ordutegia 00:00ak arte luzatuko da. Nolanahi ere, ezin da lokalean lo egin; beraz, lokalaren barruan debekatuta dago lo egiteko erabil tzen den edozein altzari edo koltxoi mota. 

Araudia bere osotasunean Beasaingo Udalaren web orrian aurkitzen da araudien atalean. Udalak atzematen dituen lokaletan ikuskapenak burutu ahal izango ditu baimena eta gutxieneko baldintzak betetzen diren ikusteko.