Bertako ekoizleei laguntzeko aurtengo dirulaguntzak martxoko osoko bilkuran onartu dira

Aste Santuko larunbatean burutuko da hil honetako azoka berezia

Lehen sektorea eta tokiko ekonomia babestearen alde udal gobernu taldeak proposatutako dirulaguntzak aho batez izan ziren onartuak martxoko osoko bilkuran. Hileko lehen larunbatean, merkatuaren jarraipena ziurtatzeko eta denboraldiko produktuak erosteko aukera emateko, astearteetako merkatura joateko zailtasunak dituzten herritarrei larunbatetan bertako eta garaian garaiko elikagaien azoka martxan jarri zuen Udal gobernuak 2017ko otsailean. 

Horrela, ekoizleei eta kontsumitzaileei bertako produktuak zirkuitu laburren bidez merkaturatzea eta kontsumitzea bermatu nahi zaie. Are gehiago, eskualdean tradizio kulturaleko ohiturak zaindu, desagertzea saihestu eta bertako ekoizpena bultzatu nahi da honekin eta bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzeaz gain, garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea.

Ekoizleek dirulaguntza jaso ahal izateko baldintza nagusienak hauek dira: fruta eta barazki salmentetan, garaian garaiko produktuak eskaintzea, gutxienez 3 produktu. Bestelako produktuetan ez da kopuru minimorik ezarriko, hau da: gazta, eztia, ogia… Seihilabetekoan, gutxienez 4 larunbatetan saldu behar dute. Ekoizle bakoitzak azokan parte hartutako larunbat bakoitzaren truke 50€ jasoko ditu.

Aste Santuan azoka berezia zabalik 

Hil honetako azoka berezia apirilaren 3an  izango da. Udaberriko  produktuen atarian gaude baina oraindik ere neguko barazkiak izango dira protagonistak: porrua, aza, letxuga, azelga, espinaka, baratxuri freskoa… Loinazko San Martin plazara gerturatzen direnek beste produktu hauek erosteko aukera ere izango dute: eztia, barazkiak, loreak,  haziak, ogia, gozoak eta behi eta ardi gazta.

Larunbat honetako egitaraua hau izango da:

10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.

13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean. Saski bakoitzarekin batera Igartza bisitatzeko bi sarrera ere emango dira.

14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera

Azoka berezia 20210306 7Azoka berezia 20210306 15