Urtaro aldaketak berarekin ekarri du baratzetako uzta berria. Garaian garaiko bertako produktuei balioa emanez, urriaren 3an egingo den Beasaingo hileko lehen larunbateko azoka bereziak, urte sasoi honetako produktuak erosteko aukera emango du.

Bertako baserritarren ekoizpena izango da datorren larunbateko azoka bereziko protagonista eta urriko produktu izarrak porruak, aza eta azalorea izango dira, udazken eta neguko produktuak alegia. Hauez gain, Loinazko San Martin plazara gerturatzen direnek produktu hauek erosteko aukera ere izango dute: eztia, barazkiak, loreak, txerrikia, haziak, ogia, gozoak eta gazta. Hauez gain, artisau produktuak saltzen dituzten postuak ere izango dira. 

Bestalde, azokara gerturatzen direnei hilero legez erosketak egiteko azokako poltsa eta bertan erosi daitezken produktuekin sukaldatzeko errezeta liburuska banatuko zaie.

Larunbat honetako ordutegia hau izango da:

10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.

12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta panderojoleek kaleak eta azoka girotuko dituzte.         

13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.

14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.

Hileko lehen larunbateko azoka berezia duela ia hiru urte pasatxo Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada.