Udal agintariek Beasainen erostearen garrantzia azpimarratu dute tokiko ekonomia eta herri izaera indartzeko eta Bareak elkarteko zuzendaritza taldetik kanpaina osatzen duten ekitaldiak nabarmendu dituzte tartean erakusleiho lehiaketa, zozketak eta merkatari erretiratuei omenaldia

Eguberriekin batera urtero bezala Udalak eta Bareak Beasaingo Merkatari Elkarteak datozen asteetan burutuko den Gabonetako kanpainaren baitan antolatutako ekimenen berri eman dute. Bi erakundeak elkarlanean Beasainen erosteko eta kontsumitzeko mezua zabaldu nahi dute erosketak egiteko joera handitzen den urte sasoi honetan.

Beasaingo Udalaren izenean Leire Artola alkate ordeak tokiko merkataritzarekin duen konpromisoari eutsiz Beasainen erosteak duen garrantzia azpimarratu du. Tokiko ekonomia bultzatzea eta indartzea gobernu taldearen legegintzaldiko ardatz estrategikoen artean dago eta horretarako garrantzitsua da udalerriko denda eta saltokietan kontsumitzea. Gertukoa konfiantzazkoa izateaz gain arreta pertsonalizatuarekin lagunduta doalako. Tokiko merkataritzaren ezaugarriak balioan jartzeaz gain, bertako ekonomian duen eragina azpimarratu du udal agintariak; herri izaera indartzeko laguntzen du eta sozializaziorako elementu ezinbestekoa dela aipatu du tokiko merkataritza indartsua edukitzea.

“Gabon hauetan bihotzarekin erosi”

Bareak Beasaingo Merkatari Elkartearen izenean Ane Aristik “Gabon hauetan bihotzarekin erosi” lelopean antolatutako kanpainaren xehetasunak eman ditu. Gabonetako erakusleiho lehiaketa, zozketak, erosketa sarituak, opariak, poltsa berrerabilgarrien banaketa, txu txu trena eta aurten erretiratu diren merkatariei omenaldia dira aipagarrienak.

Udalarekin elkarlanean antolatutako Gabonetako erakusleiho pdf lehiaketan (30 KB) , aurten guztira 23 dendak hartuko dute parte eta erakusleihoak abenduaren 9tik urtarrilaren 6ra izango dituzte apainduta. Epai-mahaia Udaletxeko ordezkari batek, Bareakeko ordezkari batek eta herritarren botoek osatuko dute. Botoa emateko epea abenduaren 9tik 20ra bitartean izango da eta horretarako bi aukera daude: batetik lehiaketan parte hartzen duen edozein establezimendutan egongo den txartela betez eta udaletxeko i-gunean egongo den kutxan utziz eta bestetik Facebook bidez mezu pribatu bat bidaliz Bareakeko orrira.

Botoa ematen dutenen artean hiru sari zozkatuko dira: 200 euroko txeke bat eta 100 euroko bi txeke lehiaketan parte hartu duten dendetan erabiltzeko. Sari emate ekitaldia abenduaren 27an izango da, 15:30ean udaletxeko Batzar Aretoan. Irabazleak urte osoko erakusleiho apainketa zerbitzua jasoko du.

Beste hainbat ekimen ere antolatu dira, esaterako saridun erosketak, opari sorten zozketa,  poltsa berrerabilgarrien eta gozokien banaketa. Abenduaren 9tik urtarrilaren 28ra arte Beasain txartelarekin ordaintzen diren erosketa guztien artean Gabonetako 50 lotetik gora zozketatuko dira. Erosketa saritua suertatu bada ordainketarako datafonoak ematen duen tikean agertuko da oharra. Gainera, Bareakeko 11 ostalaritza establezimenduek opari sorta bana zozketatuko dute bezeroen artean.

Bestalde, erosketak egiterakoan  poltsa berrerabilgarriak banatuko zaizkie bezeroei (izakinak agortu arte) eta abenduaren 24ean gozokiak banatuko dituzte gabon kantak abestera gerturatzen diren umeen artean.

Txu txu trena ere aurten izango da. Abenduaren 26 eta 27an Bareakeko Txu txu trena Beasaingo kaleetan zehar ibiliko da. Trena Loinazko San MartIn Plaza azpitik aterako da eta tiketak erosteko postua bertan egongo da.

Eguberriko argiteriaren piztea

Eguberri giroan murgiltzeko, kaleak girotzeko eta merkataritza sustatzeko helburuz, Eguberrietako argiteria aste honetan jarriko da eta abenduaren 20an piztuko dira estreinakoz eta errege eguna pasa ondoren kenduko dira.

Aurten kaleak eta etorbideak apaintzeko aukeratuk diren argiak berriak izango dira, ikusi gabekoak orain arte. Mantenduko den bakarra plaza nagusiko kioskoa apaintzen duten argiak izango dira. Gernika pasealekukoa izango da aldaketa nagusia.

Gainontzean ohiko kaleetan urtez urte jarri direnak mantenduko dira. Guztira 19 argi puntu. Ohikoak diren arkuak, borobilak eta pinu itxurazkoak hainbat leku atonduko dituzte eta zorionak hitza adierazten dutenak herri sarreretan kokatu dira. Guztiak kontsumo urriko led argiak. Kaleetako argiteria arruntarekin piztuko dira Eguberrikoak ere eta goizaldeko ordu-bietan itzaliko dira aurreko urtean bezala.

Bareak eguberri 20190