Oporren ondotik irailaren 7an itzuliko da hileko lehen larunbateko bertako produktuen azoka berezia 

Udalak bultzatzen duen bertako eta garaian garaiko produktuen azoka berezia larunbat honetan burutuko da opor garaiaren ondotik. Irailaren 7arekin batera izango da eta ohiko egitarauaren barruan nekazaletxe batean asteburu bateko egonaldia zozkatuko da azokan erosketak egiten dituztenen artean.

Loinazko San Martin plaza azpira gerturatzen direnek, udako produktu ugari erosteko aukera izango dute, besteak beste, tomateak, kalabazinak, berenjenak, piperrak eta abar. Barazkiez gain, ohi bezala eztia, gazta, gozoak, haziak, loreak, ogia eta txerrikia ere izango dira. Azokan erositako produktu horietako batzuk erabilita egin daitezkeen zenbait errezeta jasotzen dituen liburuxka ere banatuko da azokako erosleen artean.

Tailerraren atalean, 11:30etik aurrera "orri markatzaileak" egiten ikasteko tailerra izango da haurrentzat eta 13:30ean nekazaletxe batean bi lagunentzat asteburu bateko egonaldia zozketatuko da azokan erosketak egindakoen artean.

Larunbat honetako egitaraua hau izango da:

10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera

11:30  "orri markatzaileak" egiteko tailerra haurrentzat.

13:30 Azokan erosketak egindakoen artean zozketa (bi pertsonentzako asteburua nekazaletxean).

14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.

Hileko lehen larunbateko azoka berezia, duela ia hiru urte pasatxo Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada. Horretarako, azoka dinamizatzeko ekintza ezberdinez osatutako egitaraua antolatzen da hilero.