Bi urte bete dira Udalak guztira lau txakur parke ireki zituela udalerriko puntu ezberdinetan txakurren jabeen eta bizilagunen eskaerei erantzunez

Txakurrak aske ibiltzeko eremuak egokitu dira baina hala eta guztiz ere txakurrak edukitzeko araudia bete arazi behar dela gogorarazten du Udalak

Beasainen txakurrak aske uzteko eremuen beharrari erantzunez bi urte bete dira Udalak konpromiso hura bete zuela. Txakurren jabeek bere garaian egindako eskaerari erantzun zion Udalak honela. Txakurrentzako aisia-guneen proiektua Ezkiaga auzoan ireki zen parkearekin gauzatzen hasi zen 2016ko azaroan. Lehenengoa izan zen hura eta funtzionamendua nolakoa izan behar zuen ikusteko balio izan zuen. Haren esperientziaren ondoren, aurreikusita zeuden hurrengo hirurak gauzatu ziren duela bi urte. Txakur-jabe eta bizilagunen iritziak eta esperientziak ekarri zuen herri osora zabaltzea honelako guneak.

Bi urte hauetan bildutako esperientziak txakurrak aske ibiltzeko eremuak egokiak eta seguruak direla ondorioztatu da. Jabeek honela toki aproposa dute gaur egun txakurrak askatasun osoz espazio zabal eta irekian jaregiteko. Honelako eremuen egokitzapenak hartutako erabakia egokia izan dela erakutsi du.  Guztira 2.000 m2 baino gehiago egokitu dira erabilera honetarako.

Ezkiaga auzoko parkea, Gipuzkoa plazako Urbieta etxearen atze-aldea, Zaldizurreta kaleko biribilgunearen alboko belardia eta Igartzako burdinolaren atzeko zelaian daude kokatuta. Lau txakur-parke hauek berezitasun edo ezaugarri berdinak dituzte. Belarrezko zelaietan daude, perimetro osoa hesitua dute 1,20 metroko altueradun hesi metalikoz.  Txakurren gorotzak botatzeko zakarrontziak eta  gune hauek erabiltzeko arauak adierazten dituzten kartelak daude.

Arduraz jokatzeko beharra

Udalak gogorarazi nahi du txakurren arreta eta zaintza jabe bakoitzari dagokiola. Horregatik Udalak bai txakur-parkeetan eta kalean oro har, jabeei euren txakurren ardura zorrotz eramatea eskatzen die. Txakurrak nola eraman eta zaindu animaliak edukitzeko eta babesteko udal -ordenantza arautzaileak agintzen duen moduan arretaz betetzea eskatzen da eta hainbeste arazo ematen duten gorotzak ere jaso egin behar dira. Udaltzaingotik gogorarazten da araudia betetzen ez denean dagokion zigorra ezarriko dela.

Udal gobernuak honela, legegintzaldi hasieran bere konpromisoen artean burutzeko zuen egitasmoa gauzatu du. Erabakia eta funtzionamendua beti ere, txakur jabeen eskaerak eta bizilagunen iritziak entzun eta bi aldeen arteko adostasuna lortu ondoren bete zen.