Beasaingo XXXIV. Odolki dastatzea eta lehiaketa azaroko bertako produktuen azokarekin bat egingo du eta biak Gernika pasealekuan egingo dira

Orotara azokan hainbat produktu ezberdinetako 54 postu kokatuko dira eta kandelak egiteko tailerra antolatu da 

Azaroaren 3an egingo den hileroko bertako produktuen azokak bat egingo du Beasaingo Odolkiaren kofradiak urtero antolatzen duen odolki dastatze eta lehiaketarekin. XXXIV. edizioa izango da larunbat honetan egingo dena eta bertatik aurtengo odolkigile onenaren izena aterako da.

Azoka lekuz aldatuko da oraingo honetan eta lehiaketarekin batera Gernika pasealekuan batuko dira biak. Garaian garaiko produktuek izango dute protagonismoa ohi bezala baino hauez gain, azokan hainbat motatako produktu ezberdinak saltzeko 54 postu kokatuko dira goizeko hamarretatik aurrera.

Besteak beste, eztia, hestebeteak, goxoak, kontserbak, gazta, perretxikoak, gatza, barazkiak loreak eta nola ez odolkiak salduko dira. Bestalde, kandelak egiteko tailerra ere izango da oraingoan eta honi lotuta zura lantzen arituko da Javier Arrieta zurgilea.

Larunbat honetako egitaraua beraz eta Beasaingo XXXIV. odolki dastatzea eta lehiaketaren egunari lotuta hau izango da:

10:00etan Bertako produktuen azokaren irekiera

11:30ean XXXIV. Beasaingo Odolki dastatzea eta lehiaketaren hasiera

13:00an Odolki lehiaketako sariak banatzea

Hileko lehen larunbateko azoka berezia, duela urte eta erdi Udal gobernuak martxan jarritako egitasmo berria da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada. Horretarako azoka dinamizatzeko ekintza ezberdinez osatutako egitaraua antolatu da hilero.