Beasaingo Udalak Aita Mari itsasontziak Mediterraneoan bizitzak salbatzeko egingo duen bidaiarako beharrezkoa izango duen erregaia erosteko dirua eman du

Irailaren 28an aurkeztuko da May Day Mediterraneo proiektua eta Itsas Laguntza Humanitarioa elkartearen  Aita Mari ontzia Mediterraneoa zeharkatzeko ahaleginean diren pertsonen bizitzak salbatzeko asmoz abiatuko da

Beasaingo Udalak 15.000 euroko diru laguntza eman du Aita Mari itsasontziak Mediterraneora bidaiatzeko beharko duen erregaia erosteko. Aita Marik, May Day Mediterraneo proiektuan laguntza humanitarioa eskaintzen parte hartuko du. Itsasontzi honen birmoldatzea eta egokitzea pertsonen, erakunde solidarioen, enpresen eta euskal administrazioen laguntzari esker gauzatu da, tartean Beasaingo Udala. 

Hilabete batzuen ondoren egindako birmoldaketa lanei esker, Aita Mari prest dago itsasoratzeko. Helburua, jatorrizko herrialdeetan gertatzen diren gerra, gosete eta biolentzia egoeretatik ihesi, Mediterraneo itsasoa zeharkatzeko ahaleginean dabiltzan pertsonen bizitzak salbatzea da.

Itsas Laguntza Humanitarioa boluntarioen egunean

Udalak eman duen laguntza, aipatu proiektua aurrera eramateko Itsas Laguntza Humanitarioa eta Proem Aid elkarteek beharrezkoa duten finantziazioa osatzera dator. May Day Mediterraneo proiektua Aita Mari itsasontziarekin batera aurkeztuko da Getariako portuan irailaren 28an arratsaldeko 19:00etan.

Aipatu behar da Itsas Laguntza Humanitarioa elkartea datorren urriaren 6an Beasainen ospatuko den Boluntarioen egunean izango dela. Bertan kokatuko duen postuan elkarteak burutzen duen lanari buruzko informazioa emango du.