ASPACE elkarteko gurasoekin hasitako elkarlanaren emaitza da, behar bereziak dituzten haurrei egokitutako jolasak ezezik, Beasaingo gainerako haurrei zuzendutako eskaintza bereizgarria ere bada

Hobekuntza eta mantenu lanek duten garrantziari jarraiki, orain gutxi arte eremu baztertu eta degradatua zen Dolarea parkea biziberritzeko helburua bete du Udalak. Akupuntura urbanoaren filosofiari jarraiki, espazio honetan esku-hartuz ikusgarritasun eta balio erantsia eman zaio guneari, aisialdirako erreferentzia leku bihurtu delarik. Proiektuaren ildo nagusiak ezarri zituen herritarren parte-hartze prozesu baten ondoren, Udal gobernuaren mugarri handienetako bat gauzatu da. 

Honela bada, espazio publiko irisgarri, balioaniztun eta integratu berri honi falta zitzaion azken elementua jarri da. Hain zuzen ere eta ASPACE elkarteko gurasoek egindako eskaera abiapuntu izanda, haur-jolas inklusiboak parkean kokatzea. Elkarteak parkearen ondoan du egoitza eta erabiltzaileentzako mesedegarria izango den azpiegitura hau eraikitzeko prozesua amaitu da. Hori horrela, udal agintariak instalazioa aurkezten izan dira ASPACEko ordezkari, erabiltzaile eta hauen familiartekoei. 

Hauen proposamena jaso zuenean, haur-jolas inklusiboak parkean kokatzeko erabakia hartu zuen Udalak.  Izan ere, orokorrean nahiko urriak dira desgaitasun maila desberdina duten haurrentzat egokiak diren jolasak. Gaur egin den aurkezpenean bi aldeak pozik agertu dira eraiki den jolas parkearen emaitza ezagututa. 

Edozein kasutan, jolas gune berriaren helburuak elkarteko erabiltzaileen beharretatik haratago doaz, beasaingo gaztetxo orori jolas eskaintza bereizgarri bat eginez. Horrela, guneak ohe-elastiko multzoa du -hiru borobil banakakoak, taldetxoentzako karratu bat eta gurpildun aulkientzat moldatuta dagoen laukizuzen bat-, sehaska itxurako kolunpio inklusiboa eta gurpildun aulkien erabiltzaileek gozatu ahal izango duten errota. 

Harrera ezin hobea

Espazio eraberrituak harrera ezin hobea izan du. Udan bereziki, egun sargoritsuetan gaztetxoek soberako erabilera eman diote ur-jolasei. Orain, parkearen zelai gune batean aurreikusi eta prestatutako jolas inklusiboen parkea gauzatu da, urte guztian zehar gozatu ahal izango dutena. Datozen asteetan jolas-guneko argiteria indartuko da gauez ere erabilpen baldintza egokian egon dadin. 

Trenbide eta Ixabel Olano parkeak

Dolareakoa ez da haur parkeei lotuta burutuko den obra bakarra izango. Trenbide kalean dagoen haur parkeak duen berritze premia ikusita, Dolarea parkean egin direnei batuko zaie. Kasu honetan, gunearen eskaintza txirrista, kolunpio, txirrindudun errota eta eskalagarriak diren kubo erako egitura batzuez osatuta egongo da. Jolas parke eraberritu hau otsailean prest egotea espero da. Aldi berean, Ixabel Olano parkeko eraberritze lanek ere bere bidea jarraitzen dute non parkeko jolas gunea goitik behera eraberrituko den. Bertako elementu nagusiak sokazko piramide bat eta txirristadun kautxozko menditxoak izango dira. 

IMG 2277

IMG 2280