Uztailaren 26an hasiko dira lanak eta uztailaren 30ean bukatuko dira

Udalerriko kale eta errepideetako berritze eta mantenu lanekin jarraituz, sasoi honetan burutu ohi den asfaltatze kanpainaren lanei ekingo zaie. Beasaingo Udalaren helburu nagusietako bat herrian dauzkagun azpiegituren mantenu eta birgaitzean datza. Asfaltaketa lan hauekin herria beasaindarren beharretara egokitu nahi da. Horretarako, lehendabizi herrian birgaitze premia duten eremuen azterketa egin ostean, lehentasunaren arabera aurten asfaltatuko diren kaleak zehaztu dira. 

Ekaineko udalbatzaren osoko bilkuran onartu bezala PROBISA, VIAS Y OBRAS, S.L.U. enpresari esleitzea erabaki zen aurtengo asfaltatze kanpainako lanak eta 47.096,00 € (+ BEZ) euroko kostua izango dute. Garai honetan egin ohi den legez, asfaltoa berritzeko premian dauden ibilbideak eta espaloiak berrituko dira eta honekin batera zenbait garajetako sarrerak.

Honela bada, honako leku hauetan egingo dira lanak: Dulce Maria Loinaz kaleko garajeetako sarrera; Zaldizurreta kaleko 1-3-5-7 zenbakietako atzekaldeko eremua; Oriamendi kaleko 34 zenbakiaren pareko bidegurutzea; Mariarats kaleko parking-a eta Murmendi ikastolako ataria.

Eguraldia lagun, lanak egiteko epea hauxe izango da; uztailaren 26an hasi eta uztailaren 30ean bukatuta egongo direla aurreikusi da.

Bestalde, Udazkenean hasiera emango duen Oriamendi kaleko birgaitze proiektuaren barnean, kale honen 1-30 eta 41b-47 eremuko errepidea birgaitu eta asfaltatuko da, baita Erauskin plazako aparkaleku gunea ere. 

 

 

Asfaltaketa

Asfaltaketa 2

Asfaltaketa 3

Asfaltaketa 4