Salbuespen egoerako baldintzekin, kasuan kasuko mahaien kopurua eta kokapena mugatuko du malgutasunez 

Pasabidee publikoetan gertatzen diren arazoei konponbidea eman nahi zaie datorren urtera begira ordenantza eguneratuta edukitzeko

Ostalaritzak Covid 19ak sortutako krisiaren erruz bizitzen ari den egoera larria dela eta, Beasaingo Udalak terrazen erabilerari buruz emandako erraztasunak eta malgutasunak hainbat kasutan sortutako arazoei konponbidea eman nahi die. 

Terrazen erabilera eta espazio publikoaren arteko zentzuzko oreka aurkitu nahian, Udal gobernuak ostalariei kasuan kasuko azterketa bat egin eta bakoitzari terrazetako mahaien kopuru eta kokapen eguneratua  helaraziko die aste honetan. Erabakia behin behinekoa izango da aurtengo urteari begira eta salbuespen egoera honetarako baldintzak izango dira. Izan ere, 2022ra begira Aulkiak eta mahaiak herri-bidean jartzea arautzen duen ordenantza eguneratu eta onartuta edukitzea da helburua. Egun dagoena zaharkitua geratu da eta egungo baldintzetarako egokitzeko premia dago.

Mahai gehikuntza antolatua

Gaur ostalari bakoitzak baimenduta duen mahai kopurua abiapuntutzat erabilita, espazio publikoaren ezaugarriak kontuan edukiz eta bezeroen artean 1,5 m-ko distantzia bermatuz, mahai gehikuntza antolatu bat proposatuko da hirigintza sailetik. Horrela, establezimendu bakoitzak tasa-oinarri berarekin mahai gehiago kaleratu ahal izango ditu espazio erabilgarriaren baitan. 

Zifra hauetatik haratago doan mahai kantitate bat atera nahi denetan, ostalariak eskaera luzatu beharko dio Udalari eta proposamena beraztertu egingo da. Kasu honetan, 2021erako zergak, onartzen diren mahai kopuru berriarekin bat eguneratuko dira.

Ostalaritza eta herritarren arteko elkarbizitza

Gauzak horrela, ostalaritza negozio bakoitzaren kasua aztertuta malgutasunez eta zentzuz egoera honetara egokitutako planteamendua aurkeztuko diete Udalak negozioetako arduradunei, kontutan hartuz herritarrek espazio publikoa, herri-bideak, espaloiak eta pasabideak beharrezkoa den neurriekin duten erabiltzeko eskubidea. 

Honela bada, bi interesak uztartuko dituen egitasmoa garatuko du Udalak; martxoaren 6ko lehendakariaren 13/2021 dekretuak ezarritako prebentzio-neurri espezifikoek ostalaritzaren eta jatetxeen kasuan eragindako murrizketak arintzeko neurriak eta era berean honek herritarrei sortzen dien arazoa terrazen erabilera erregulatuz konpontzea elkarbizitza errazteko.