Ezkiaga auzoko Joan XXIII kalean hasi dira ezaugarri bereziak dituen semaforo berria kokatzeko lanak

Udalak ONCE erakundearekin elkarlanean herritarren beharrei erantzuten dien egitasmoa gauzatu du udalerri irisgarriagoa eraikitzen jarraitzeko asmoz

Udalak Beasain atsegin, eroso eta irisgarriago bat eraikitzearen aldeko beste ekimen bati ekin dio. Pertsonen eta herritarren ongizatea helburu hartuta, Ezkiaga auzoko Joan XXIII kalean itsuei egokitutako semaforo berria jartzeko lanak hasi ditu. ONCE elkartearekin elkarlanean eremu honetarako zegoen behar bati erantzuten dio Udalak.

Zorua zulatzeko lehenengo lanak gaur hasi dira eta aste honetan espero da semaforoa behin betiko kokatua egotea.

Honela, itsuak eta hauez gain ikusmen urritasuna duten pertsonentzako eremu honetan irisgarritasuna hobetzea izan du helburu ekimen honek. Ezaugarri berezi hauetako lehen semaforoa izango da Beasainen jarriko dena baina Udalak beharren arabera azpiegitura hau udalerriko beste zenbait lekutan jartzeko aukera aurre ikusten du.