Espazio publikoen etengabeko hobekuntzaren barruan, plazapean ematen ziren arazoak ikusita ezinbestekoa izan da soinuztapen baldintzak hobetzea

Plazapeko sabai eta habeetan zelulosa akustikoa proiektatuko da eta lan honek astebeteko iraupena izango du

Eremu publikoen etengabeko hobekuntza Udalaren eginkizun nagusietako bat da. Hori dela eta, espazio garrantzitsua da Loinazko San Martin plaza azpia. Herri erdigunean kokatua, erabilera ugari dituen espazio publikoa da eta baldintza egokienetan mantentzeko, lan berriak hasi dira. Oraingo helburua bertako soinuztapen baldintzak hobetzea izango da, betidaniko arazoa izan baita soinu ekipoen eraginez entzuten den oihartzun desatsegina.

Hori horrela, eta beste herri batzuetako antzeko ezaugarriak dituzten espazioetan egin diren lanak aintzat hartuz, arazo honi konponbidea emango dion ingeniaritza enpresa batekin harremanetan jarri ziren udal agintariak eta zegokion azterketa egin ostean abian jarri dira hobekuntza lanak.

Tratamendu akustikoa proiektatuko dute plazapeko sabai eta habeetan

700minguruko eremu estalia da Plazapea. Hormigoizko egitura du eraikin horrek, eta erreberberazio denbora-tarteak luzeak dira bertako eraikuntza ezaugarriak direla eta. Erreberberazio denbora-tarte luzeek, edonolako ekintzak antolatzeko espazioaren akustika balio gabe bihurtzea eragiten dute, hots jasangaitz bihurtzen da sortzen den oihartzuna.

Espazio horretan sortzen den oihartzun deserosoa ezabatzeko bidean, EKO Ingeniería Acústica S.L. enpresak espazioari tratamendu akustiko bat ematea proposatu zuen.

Horretarako, zelulosa akustikoa proiektatuko dute plazapeko sabai eta habeetan, K-13 STD motako zelulosa, gris kolore argi batekoa. Proiektatuko duten zelulosa geruzak 15-20mm inguru izango ditu.

Tratamendu horrek asko moztuko ditu erreberberazio denborak eta desagerrarazi egingo du oihartzuna. Eraldatu egingo da espazioa akustikoki, kontzertuak etab. eskaintzeko moduko gune bihurtuko da plazapea.

32.645,03 (+ BEZ) euroko aurrekontua egokitu da lan hau egiteko. Atzo hasi eta astebete iraungo dute lanek, astearteroko azokaren tartea errespetatuz. 

Aipatu lanak egin aurretik eta bukatu ondoren akustika neurketak egingo dituzte erreberberazio denborak eta lanen eraginkortasuna neurtzeko.