Eguraldi iragarpenak direla eta gaurtik astelehenera bitartean martxan jarri du udalerrian elurteei aurre egiteko protokoloa

Udalerria eremu ezberdinetan banatuta, 21 langilek ibilbide eta zebra bide nagusiak garbi mantentzeko ardura izango dute

Gaur gauetik hasi eta bihar eguerdi bitartean elur maila gurera iritsi daitekeela adierazi  dute eguraldiaren iragarpenek eta SOS Deiak-ek bidalitako oharrek. Hori horrela, Udalak zerbitzu sailaren bidez, kasu hauetarako daukan protokoloa martxan jarri du dagoeneko datozen egunetarako.

Kasu hauetan Udalak 21 langile ditu prest elurrak eragin ditzakeen ondorioak saihesteko. Kale garbiketako, lan brigadako eta lorategietako brigadako langileak eta errefortzuko langileak izango dira eginkizun honetaz arduratuko direnak. Udalerriko eremu ezberdinetan banatuta egongo dira eta eskura izango dituzten bitartekoak gatza banatzeko ibilgailuak, elurra kentzeko makinak, eta makina garbitzaileak izango dira elurra kentzeko erabiltzen den tresneriarekin batera. Horretaz gain, izotza sortu ohi den puntuetan gatz-zakuak banatuko dira.

Udalerrian elurra kentzeko lehentasuna izango duten tokiak ibilbideak, zebra bideak, espaloiak eta eraikin publikoetara iristeko bideak izango dira, hala nola, zaharren egoitza, eguneko zentroa, osasun etxea, ikastetxeak eta abar.

Iragarpenek diotenez, baliteke datorren astelehenetik aurrera elurra 100 metroko altueran egitea. Hala balitz protokoloak martxan jarraituko du iragarpenek aurkakoa esaten ez duten bitartean.