Beasain Jaietan aldizkaria 1.922an sortu zen urtekari gisa “Beasain festivo“ izenarekin. Herrian gertatutakoaz eta herriarekin zerikusia zuen guztia jasotzeko asmoz sortutako aldizkaria da; hala nola, Beasaingo kultura, tradizioa, ohiturak, kirola, elkarteak, pertsonaiak, bitxikeriak, baserriak, geografia, eta abar luze bat, beti presente egon dira aldizkariko orrietan.

Hasieratik gaur egun arte aldaketa ugari izan ditu aldizkariak edukian eta itxuran. Hasteko, txuri beltzetik koloretara pasa izana eta orrialde kopurua dira gehien nabarmentzen direnak, baina maketazioa, argazkiak eta letraren tamaina ere aldatu dira.

Bizitzan, askotan gertatzen den bezala, Beasain Jaietan aldizkariak etenak izan ditu bere ibilbidean. Jaio eta handik bost urtera lehen etena izan zuen publikazioak. Hogei urte geroago, 1947an alegia, beste 20 urtez, urtero argitaratu zen Loinazko San Martin jaietan. 1967 urtean berriro ere utzi egin zitzaion publikatzeari eta, 1979 urte arte behin bakarrik argitaratu zen, 1973. urtean hain zuzen ere. 1979an Beti-Bizi elkarteak hartu zuen lekukoa eta, gaurdaino, urtero etxeetara iristeko aukera izan du aldizkariak.

Beti-Bizik 1992an, “Urrezko Barea” deituriko izendapena sortu zuen Beasaingo herriaren alde edozein alorretan edonolako pertsona edo erakundek egindako lana saritzeko.

Gaur egun Beti-Bizi elkarteak beste erronka bat dauka esku artean; publiko ahalik eta zabalenera iristea eta hauen interesa erakartzea, bai irakurle gisa eta baita idazle lanetan aldizkarian parte hartzeko ere.

Zorionak eta esker mila Beasain Jaietan aldizkariak iraun dezan posible egiten duzuen guztioi.