GAO 2016ko martxoaren 31an 59. ZK
Iragarkia
Apirilaren 2ko Erregimen Lokaleko Oinarrien 7/1985 Lege Erregulatzaileko 70.2 artikuluan, azaroaren 28ko 2.568/1986 Erret Dekretu bidez onetsitako Entitate Lokalen Antolamendu, Funtzionamendu eta Erregimen Juridiko Erregelamenduko 196.2 artikuluan eta 1955eko ekainaren 17ko Dekretu bidez onetsitako Korporazio Lokalen Zerbitzu Erregelamenduko 7.2 artikuluaren arabera, «Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenantza Aldaketaren» testu osoa argitaratzen da. 2016ko otsailaren 4an Udalbatza Osoak hasierako onespena eman zion ordenantzaren aldaketari. Jendaurrean jarri ondoren 30 eguneko epean, 2016ko otsailaren 12an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuta, ez da inolako erreklamaziorik aurkeztu. Beraz, erabakia behin betikoa bihurtu da.
Administrazio bidean behin betikoa den erabaki honen aurka, Administrazioaren aurkako helegitea jar daiteke Gipuzkoako Administrazioaren aurkako Auzi gaien Epaitegiaren aurrean, jakinarazpen hau jasotako egunaren biharamunetik hasita zenbatutako bi hilabeteko epearen barruan.
Hori guztia, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluan adierazitakoaren arabera.
TRAFIKO ETA APARKAMENDUAREN ORDENANTZAREN ALDAKETA
1. artikulua
Trafiko eta Zirkulazio arloko Ordenantza hau emateko eskumenak Udalari eman dizkioten Legeak: apirilaren 2ko 7/85 Legea, Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituena, 25.2.b) artikulua eta martxoaren 2ko 339/1990 Errege dekretu Legegilearen 38. artikulua (martxoaren 24ko 5/1997 Legearen artikulu bakarraren b) atalak aldatua), Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu Bategina onartzen duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak indargabetua.
2. artikulua
Zerbitzu publiko horren helburua araututako aparkalekuen Udal Zerbitzu publikoa arautzea eta aparkaleku eskariari aurre egitea da, hiriaren kalitatea eta irisgarritasunaren helburu orokorrak kontuan hartuta, erabilera publikoa duten bide eta aparkalekuetan ibilgailuen aparkatze-aldiak modu funtzional batean antolatzea, eta betearazteko ere neurriak ezartzea.
3. artikulua
Araudiaren barruan aparkatzeko denbora tartea mugatuko da, baita kokalekuak ere, guneak eta ordutegiak bereiztuta, Ordenantza honetako arauen arabera. Araututako aparkaleku gisa behar den bezala seinaleztatuta dauden gune edo bide publikoetan ibilgailu bat aparkatzeagatik ordaindu egin beharko da.
4. artikulua
Ordenantza honetako 2. artikuluan zehazten diren bide publiko eta aparkalekuetan aparkatu ahal izateko arau orokor eta zehatz guztiak betetzeaz gain, eta ibilgailuak aparkatzeko seinaleek adierazitakoa jarraitzeaz gain, haizetakoaren barnealdean, eta kanpoaldetik osorik ikusteko moduan, makina automatikotik hartu eta aparkatzea baimentzen duen tiketa edo baimendutako guneetarako aplikagarri den egoiliar txartela jarri beharko da.
Modu berezian, eta trafikoaren edota aparkalekuen gorabeherek hala eskatzen dutenean, Alkatetza-lehendakaritzak Ordenantza honetan araututako aparkatze-baldintzak aldi baterako aldatu edo indar gabe uzteko egoki deritzon neurriak hartu ahal izango ditu.
Aparkaleku mugatu moduan seinaleztatutako guneetan ez dute aparkatzeko txartelik jarri beharko ondoren zehazten direnak:
- Udal Zerbitzu publikoekin lotura duten ibilgailuak.
- Karga eta deskarga egiten ari diren ibilgailu komertzialak, horretarako egokitutako aparkalekuetan.
- Auto-taxi ibilgailuak gidaria zerbitzua ematen ari denean eta bertan dagoenean.
- Larrialdietako ibilgailuak zerbitzua ematen ari direnean.
- Ibilgailu automobilak, gidaria edo bidaiariren bat barruan dagoenean eta aparkatze-aldia 5 minutu baino gutxiagokoa denean.
- Egoiliarrentzako txartela duten ibilgailuak.
- Pertsona ezinduek, araututako aparkalekuen udal zerbitzuaren sistemak araututako kaleetan aparkatu ahal izango dute, aurretik parkimetroetan behar den ordainketarik egin gabe eta ordutegi mugarik gabe.
5. artikulua. Motozikletak eta ziklomotorrak
TAO guneak motozikleta eta ziklomotorrentzako doanik egokitutako guneak ditu. Ondorioz, motozikletak eta ziklomotorrak gainontzeko motordun ibilgailuentzat egokitutako aparkalekuetan aparkatzea debekatuta geratzen da. Arau-hauste hau zigortu egingo da.
6. artikulua
Aparkaleku mugatuko bi gune egokituko dira (Erdigunea eta Ezkiaga auzoa), eta erdigunean sektore ezberdinak izango dira.
Sektoreak ondorengo hauek dira:
- Sektore Marroia: Erauskin plazan kokatuta dauden aparkalekuak.
- Sektore Urdina: Esteban Lasa (1etik 7ra eta 2tik 12ra), Esteban Lasaren barrualdean dagoen aparkalekua (4tik 12ra), San Inazio (1etik 19ra eta 2tik 14ra), Oriamendi (Erauskin plazatik Garmendia Otaola kaleko bidegurutzeraino), Trenbide (Barrendain plazatik Joan Iturralde kaleko bidegurutzeraino), Gernika pasealekua, Kale Nagusia (Erauskin plazako bidegurutzetik Joan Iturralde kaleko bidegurutzeraino eta Kale Nagusia 40ko atzealdea) eta Bernedoenea (Osasun Zentroaren parean).
- Sektore Berdea: Gipuzkoa plazan eta Zaldizurreta kalean 9tik 19ra, atzealdean kokatuta dauden aparkalekuak.
- Gune gorria: Ondorengo kale hauetan dauden aparkalekuak: Joan XXXIII kalea, Arantzazu kalea, Mateo Muxika kalea, Mariarats kalea (2tik 11n dagoen aparkalekuraino, aparkaleku hau kanpoan utziz), Oriako pasealekua, Ezkiaga etorbidea (Joan XXIII kaleko bidegurutzetik Oriako pasealekuko 18raino). Gune hau kale hauetan bizi direnentzako bakarrik izango da.
Gune gorriaren ordutegia hau izango da: Astelehenetik ostiralera 23:00etatik 10:00etara.
Beste sektore guztientzako ordutegia hau izango da: Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara, larunbatetan 09:00etatik 13:00etara.
20:00etatik 09:00etara, larunbatetan 13:00etatik aurrera, igandeetan eta jai-egunetan ez da gehienezko denbora mugarik izango.
Abuztuan eten egingo da araututako aparkaleku sistema.
7. artikulua
Ordenantza beteko dela bermatzeko, kontrol zerbitzu bat ezarriko da, horretarako behar diren bitarteko material zein pertsonalekin.
8. artikulua
Aparkatzeko gehienezko denbora-tarte hauek ezartzen dira:
- Sektore Marroia: Gehienez ordubete. Ezingo da sektore honetara bueltatu ondorengo ordubetean.
- Sektore Urdina: Gehienez 4 ordu.
- Sektore Berdea: Egun osoan aparkatzea baimenduko da.
- Gune gorria: Aipatutako kaleetan bizi direnentzako eta ordutegi mugarik gabe.
Egoiliarraren txartela duten ibilgailuek erdiguneko sektore guztietan aparkatu ahal izango dute denbora-mugarik gabe sektore marroian (Erauskin plaza) izan ezik, horretarako ezarritako kuota ordainduta. Gune gorrian ere ezin izango dute aparkatu.
Salbuespenez, Erauskin plazako sektore marroian aparkatu ahal izango dute denbora mugarik gabe, Erauskin kalea, 2ko egoiliarrek, beti ere egoiliarren txartela ikusgarri badute.
Gune gorriko egoiliar txartela duten ibilgailuek, erdiguneko sektoreetan ezin izango dute aparkatu.
Erabiltzaile guztientzako eta sektore guztietako aparkalekuetan lehenengo 15 minutuak doan izango dira, baina TAO egoiliar txartela ez dutenek sektore guztietako sisteman matrikula sartu beharko dute, eta egoiliar txartela dutenek sektore marroian bakarrik sartu beharko dute matrikula.
9. artikulua
Egoiliartzat hartuko dira Trafiko Zuzendaritza Nagusian artikulu honetan zehazten diren kaleetan erregistratuta dauden ibilgailuak, baldin eta jabea ibilgailuaren helbide berean erroldatuta badago.
Autoak edo ibilgailu mistoak izan beharko du.
Kale-zerrenda: Zaldizurreta (1etik 19ra), Esteban Lasa, Martina Maiz, Igartetxe, Bista Alai (10etik 16ra eta 9tik 19ra), Andre Mari (1etik 13ra), Erauskin (2-4 eta 7), San Inazio, Urbialde plaza, Oriamendi (4tik 30era eta 3tik 29ra), Nekolalde (2tik 24ra eta 7tik 27ra), Garmendia Otaola 1-2-3, Barrendain plaza, Nafarroa etorbidea (1etik 25era), Kale Nagusia, J.M. Iturriotz (1etik 15A-15Bra eta 2tik 16ra), Bideluze plaza, Jose Martin Arana kalea, Zazpiturrieta, J.M.Iturriotz kalea (19tik 27ra), Joan XXIII kalea, Arantzazu kalea, Mateo Muxika kalea, Mariarats kalea, Oriako pasealekua eta Ezkiaga etorbidea.
10. artikulua. Tarifak
Tarifak, Udalak bere garaian onartutakoak izango dira eta Ordenantza Fiskalean jasota egongo dira. Gune gorriko egoiliar txartelak dohainik izango dira.
11. artikulua. Salaketen ordaineketa
Kudeaketarako sistemak 14. artikuluan a,b eta c ataletan jasotako arau-hausteen salaketak berehala ordaindu ahal izateko aukera ematen du, beti ere ordaindutako denbora amaitu zenetik bi egun igaro baino lehenago ordaintzen bada eta zerbitzuek ibilgailua erretiratzeko edo ibilgetzeko neurririk hartu ez badute. Parkimetroan ordaindu beharreko kopurua arau-haustearentzako ezarritako zigorraren bostena izango da.
Ordaintzeak ez du esan nahi ibilgailuak aparkatutako tokian jarraitzerik daukanik, berehala erretiratua izan behar du, edo bestela ibilgetua edo bide publikotik erretiratua izan daiteke, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuko 104 eta 105 artikuluek ezarritakoaren arabera.
Aurre ordainketa parkimetroan egingo da.
12. artikulua. Egoiliarraren txartela
Egoiliar txartela lortzeko, inprimaki ofiziala behar bezala beteta aurkeztu beharko da, ibilgailuaren zirkulazio-baimenaren fotokopia konpultsatuarekin batera.
Ibilgailuko egoiliar txartel bakarra banatuko da.
Egoiliar txartela duten pertsonak izango dira bereizgarri horren erantzuleak. Beraz, helbide- edo ibilgailu-aldaketak Beasaingo Udalean jakinarazi beharko dituzte, sor litzakeen ondorioei begira.
Txartelean ibilgailuaren matrikula eta zein urtetan egongo den indarrean zehaztuko dira, gune gorrikoak izan ezik, hauek ez dira iraungiko.
Egoiliar txartela emateak tasak sorraraziko ditu; Udalak zehaztuko ditu tasa horiek, urtero, ordenantza fiskalaren bidez.
Egoiliar txartela lortzeko bete beharreko baldintzetako bat aldatzen bada baimendutako epean, txartela baliorik gabe geldituko da eta egoera eman denetik kontatzen hasita, 7 egun naturaleko epean bueltatu beharko da udaletxera, inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe.
Egoiliar txartel baten titularrak etxebizitza edo ibilgailua aldatzen baditu, etxebizitza edo ibilgailu berriari dagokion txartela emango zaio. Ez du tasarik ordaindu beharko, etxebizitza berria gunearen barruan baldin badago. Halaber, aurreko txartela itzuli eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren kopia bana ere aurkeztu beharko du. Honako arau hau bete ezean, aurreikusitako zigorrez gain, egoiliarrentzako txartela ezeztatu egingo zaio, eta ezin izango du berririk atera, horretarako eskubidea izan arren.
Egoiliar txartela lortu ahal izateko eskatzaileek ez dute Beasaingo Udalarekin inolako zorrik izango.
Zirkulazioko baimena enpresa baten izenean duten ibilgailuen jabe diren egoiliarrek ere eskatu ahal izango dute txartel berezi hori. Kasu horretan, enpresak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute egiaztatzeko ibilgailu hori eskatzailearen erabilera pertsonalerako dela.
Ibilgailua (leasing edo renting) alokairuan duten egoiliarrek ere eskatu ahal izango dute txartel berezi hori, ibilgailuaren aseguruan ohiko gidari bezala egon behar dutelarik.
Txartel bereziaren baldintza orokorrak egoiliarrentzako txartelarentzako ezarritakoak berberak izango dira.
Txartelaren indarraldia aipatzen den urte naturalaren bat egingo du, urtea pasa ondoren txartela iraungi egingo da eta berria hartzea beharrezkoa izango da eta prezioa dagokion Ordenantzan jasotakoa izango da.
13. artikulua
Alkatetza-lehendakaritzak txartel berezia eman ahal izango du gune jakin baterako eta urtebeteko balioarekin:
- Ordezkaritza diplomatikoen Ibilgailuentzako.
- Udalaren iritziz baldintza bereziak dituzten ibilgailuentzako.
Txartel hori lortzeko, Alkatetza-lehendakaritzak kasu bakoitzean eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
Txartel berezi horri ere Ordenantza honetatik dagozkion artikuluak ezarriko zaizkio.
14. artikulua
Ordenantza honetako artikuluek ezarritakoa urratzeak edota Alkatetza-lehendakaritzak honen garapenean ezarritako beste xedapenen bat urratzeak ere, legez ezarritako prozeduraren bidez zigortuko dira.
Ondorengoak hartuko dira arau-haustetzat:
- Aparkatzeko ordutegi-txartelean zehazten den denbora gainditzea.
- Aparkatzeko ordutegi-txartelik gabe edo behar bezala erakutsi gabe aparkatzea.
- Aparkatu ahal izateko txartel manipulatua edo faltsua erabiltzea.
- Aparkatu ahal izateko tiketa edo egoiliar txartel baliogatua, iraungia edo desegokia erabiltzea.
- Egoiliarrentzako txartela erabiltzea, bertan zehaztutako ibilgailuaren jabea aldatu denean.
- Egoiliar txartelen titularrek helbide aldaketaren gaineko edo ibilgailuaren eskualdatzearen gaineko jakinarazpenik ez egitea.
- Txartel berezien erabilera okerra egitea.
- Motozikleta edo ziklomotorra gainontzeko motordun ibilgailuentzat egokitutako tokian aparkatzea.
- Aparkatu ahal izateko egoiliar txartel gabe aparkatzea edo txartela ikusten ez den lekuren batean aparkatzea.
15. artikulua
14. artikuluan tipifikaturiko arauak isunarekin zigortuko dira, Zirkulazioko Ordenantza Orokorrean ezarritakoaren arabera. Era berean, c), d), e), f), g), ataletan txartel berezia kentzeko aurreikusitako arau-hausteak zigortzeko, horretarako ezarrita dauden legezko baliabideak erabiliko dira.
16. artikulua
19. artikuluan ezarritako zigorrez gainera, 14. artikuluaren a) eta b) atalei dagokienez, ordaindutako denbora bikoizten bada, tipifikatzen diren arau-hausteak gertatuz gero, ibilgailuak bide publikotik kenduko dira; izan ere, zerbitzu publikoa asaldatzen dutela ulertuko da.
17. artikulua
17.1. Ibilgailu bat bide publikotik kentzen bada, ibilgailuaren gidariak, edo haren ordezkoa den titularrak, honako kontzeptu hauek eragindako gastuak ordaindu beharko ditu:
17.1.1. Bide publikotik kentzea eta ibilgailuen udal-biltegira eramatea.
17.1.2. Ibilgailua udal-biltegira eraman eta 24 ordura, bertan egoteagatik eguneko ordaindu beharreko kopurua.
17.2. Gastu hauen guztien zenbatekoak dagokion Zerga Ordenantzan zehaztuko dira. Zenbatekoak eginiko arau-hausteari dagokion isunarekiko independenteak izango dira.
18. artikulua
14. artikuluak zehaztutako arau-hausteak, c), d), e) ataletan zehaztutakoa izan ezik, arinak izango dira; c), d), e) ataletan zehaztutakoak arau-hauste larriak izango dira.
19. artikulua
Arau-hauste arinak 40 €-ko zigorra izango dute.
Arau-hauste larriak 200 €-ko zigorra izango dute.
20. artikulua
Ordenantza honetan jaso ez diren kasuetarako, ondorengoak hartuko dira kontuan: Hiritar izaerako herri-bideen erabilera eta horietako trafikoa, zirkulazioa eta segurtasuna arautuko dituen udal-ordenantza eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legea, eta bere garapenerako Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra.
Xedapen gehigarri bakarra
Ordenantza hau aplikatu eta interpretatzeko eman beharreko aginduak emateko gaitasuna ematen zaio Alkatetzari.
Azken xedapena
Ordenantza hau bere 20 artikuluekin, xedapen gehigarri bakarrarekin eta azken xedapenarekin indarrean sartuko de Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hurrengo astegunean.
Indargabetzeko xedapena
Ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera, orain onartzen den testuaren aurkakoak diren edo horrekin bat ez datozen maila bereko edo beheragoko xedapena guztiak indargabetu egingo dira.
Halaber, espresuki indargabetzen da, hiritar izaerako herri-bideen erabilera eta horietako trafikoa, zirkulazioa eta segurtasuna arautuko dituen udal-ordenantzako 9.7 artikuluaren zati bat (9.7.1 – 9.8 eta dagokion eranskina), Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2010eko uztailaren 1ean argitaratua.
Azken eguneratzea: 2016/05/30